argia.eus
INPRIMATU
Apirilaren 11n egingo da Aberri Egun bateratua, Euskal Herria Baterak deituta
  • Euskal Herria nazio dela aldarrikatzeko ekitaldia egingo dute Donostiako Kursaalean. Astebeteko ekitaldi sorta izango da.

ARGIA @argia 2024ko abenduaren 31
Martxoan eginiko ekitaldiko irudia.

Euskal Herria nazio bat dela gogorarazteaz gain, egun nazionala elkarrekin ospatu behar dela azpimarratu du Euskal Herria Batera taldeak, eta horretarako deialdia aurkeztu du: apirilaren 11n izango da ospakizuna, Donostiako Kursaal auditorioan. Astebeteko ekitaldi sorta baten barnean jantziko da, baina ospakizun horiei loturiko xehetasun gehiago aurrerago emango dituzte.

Euskal Herria Baterak 2024ko Aberri Egunaren atarian egin zuen iragarpena, ospakizun bateratua izango dela 2025ean. Hala berretsi dute orain, urtearen hondarrean. Xede nagusia horixe da, Aberri Eguna modu bateratuan ospatzea: "Une unitario bakarra ospatuko dugu, sentimendu beraren pean elkartzeko gune bat sortu nahian, herri bateko kide izatearen sentimenduaren pean, hain justu ere, Euskal Herrian jaio gabe ere, bertoko partaide sentitzen direnak barne". Eragile politiko eta sozial ugari gonbidatuko dituzte, eta apirilaren 11 baino lehen ekitaldi bat egingo dute, parte hartuko dutenekin. Gero egingo diete dei Aberri Egunerako.

Ostirala izango da 2025eko apirilaren 11, Aberri Egun bateratuaren eguna. Gero, Aberri Egunean bertan alderdi abertzale bakoitzak bere ekitaldia egingo du.