Donald Trump AEBtako presidenteak Palestina eta Israelen arteko gatazka bideratzeko proposatutako plana gaitzetsi du Mahmoud Abbas, Palestinar Estatuko presidenteak Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Batzordean. Organo horretako idazkari nagusi António Guterres, bere aldetik, arduratuta agertu da bi herrialdeen arteko tentsioak goraka doazelako.
Joan den hilabetean aurkeztutako planak bi estatu sortzea du helburu, palestinarra eta israeladarra. Horrez gain, palestinar ekonomia pobretuari nolabaiteko laguntza eman nahi dio, 50.000 milioi dolar emanaz. Albo-kalteak, ordea, altuegiak direla salatu du Abbasek.
Zisjordaniako lurraldearen heren bat israeldarren esku uzten du planak, Palestinak Jordaniarekin duen lotura moztuz. Ordainetan, lur antzu eta soilak jasoko dituzte palestinarrek. Ez hori bakarrik, 2017an Israelgo enbaxada Jerusalemen jartzea ekarri zuen erabakia osatuz, hiri hori hartzen du Israelgo hiriburutzat, palestinarren hiriburua Jerusalemeko periferian ezarriz.
Hiri sakratua
Jerusalemgo hiria sakratua da palestinar zein israeldarrentzat. Bertan daude munduko hiru erlijio monoteista handienen tenplu garrantzitsuenak. 1967ko gerraren ostean hiria bitan banatuta geratu zen, mendebaldea judutarren esku eta ekialdea palestinarren esku.
Orduz geroztik, nazioarteko herrialde bat ere ez da ausartu hiri hori Israelgo hiriburutzat jotzen, honek 1980an “betiereko hiriburu” izendatu bazuen ere. Nazioarteko zuzenbideak legez kanpokotzat jo zuen Israelek ekialdeko Jerusalem okupatzea.
Praktikoki Israel da potentzia handiena hiri horretan, ikusi besterik ez dago bakoitzak duen lurraldea: Israelek hiria eta inguruko ia 100 kilometro karratu ditu eta Palestinak berriz sei. Hala ere, 2017an Trumpek Israelgo enbaxada bertan jarri zuenean istilu handiak sortu ziren palestinarren partetik.
Bakea helburu
Abbas Palestinako presidenteak bakea lortzea oraindik posible dela adierazi du, baina Trumpen planak bidegabekeriei “zilegitasuna” ematen diola salatu du, ez baita legezkoa Israeleko estatuak palestinar lurraldeak okupatzea.
Danny Danon Nazio Batuen Erakundean Israelgo enbaxadoreak, Abbas presidente den bitartean bi estatuen arteko bakea ezinezkoa izango dela esan du.