argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA | Gasteizkoak talde antimilitarista
Aperribaytarren SAPA industria militarrean: muskulua... edo anabolizatzaileak?
Gasteizkoak talde antimilitarista 2022ko ekainaren 30

Armagintzan aritzen den SAPA Taldeak 2020ko memorian jaso zuenez, “2021ean gastuen murrizketa- edo euste-planarekin jarraituko da, enpresa, oro har, lehiakorragoa izan dadin, eta, zorpetzea gutxitzearekin batera, enpresaren ondarea kontsolidatuko da”. 2021eko irailean ITPren %5 erosi zuen (80 milioi euro), eta hiru hilabete geroago, INDRAren %5 (Estatu espainiarreko ekoizpen militarreko enpresarik handiena, 90 milioi pasatxorekin). Horrela, enpresako hirugarren akziodun nagusia izango da.

Baina Aperribaitarren SAPAk Espainiako eta Europako industria militarrean gertatzen ari diren aldaketetan “giharra irabazten” jarraitzeko duen anbizioa (Ukrainako gerraren ondoren, bai Sanchezen Gobernuaren gastu militarra handitzeko promesak, bai Europar Batasunak agindutako defentsarako laguntza-funtsek bultzatuta) askoz haratago doa oraindik. Duela hilabete inguru, SAPAk Jokin Aperribay kontseilari izendatzea proposatu zion INDRAko Akziodunen Batzarrari. INDRAko organoen lehen txostenak aukera ukatu zuen, SAPAk horretarako beharrezkoa den akzioen %7,5 ez zuela argudiatuz. SAPAren erantzuna berehalakoa izan zen: handik egun gutxira beste % 3inguru eskuratu zuen INDRAk (beste 40 milioi inguru). Horren ondorioz, joan den ekainaren 23ko Akziodunen Batzarrean Jokin Aperribay izendatu zuten Espainiako industria militar nagusiko kontseilari.

"Joan den ekainaren 23ko INDRAren Akziodunen Batzarrean Jokin Aperribay izendatu zuten Espainiako industria militar nagusiko kontseilari"

Baina akziodunen batzar horretan beste gai garrantzitsu batzuk ere erabaki ziren (kontseilarien birmoldaketa handia), eta hiru akziodunen babes bateratuari esker onartu ziren: SEPI (sozietate publikoa), SAPA, eta sartu berri den Amber Capital (PRISAren akziodun nagusia). Horrek itunpeko ekintza egin izanaren salaketak eragin ditu: irakurketa horren arabera, erabaki horiek hartzeko OPA bat aurkeztu beharko lukete aipatu hiru akziodunek. CNMVk [Balore Merkatuaren Espainiako Batzordea] du gaiari buruzko azken hitza, eta ez dago baztertzerik edozein erabaki.

Argitaratutako irakurketa gehienen arabera, jokabide azeleratu bezain txapuzero hori presen ondorioa izango litzateke: Espainiako Gobernuak INDRA kontrolatu nahiko luke INDRA bera ITPAero bizkaitarraren akzioen erosketan parte hartu nahi duten enpresa espainiarren taldean egoteko, eta horretarako epea ekainaren 30ean amaitzen da. Eragiketa horretan Eusko Jaurlaritzak ere parte hartuko luke. Zalantza handiak ditugu. Alde batetik, publikoki gutxi zabaldu den arren, ITP operaziorako epea azarora arte luzatzeko aukera dagoelako. Eta bigarrena eta garrantzitsuena: zer logika du Espainiako enpresa militar handienak, gobernuaren eskutik, bere ospea ITP bezalako enpresa txikiago batean sartzeagatik jokatzea? Gainera, lortuz gero ere ez luke ITP kontrolatuko. Izan ere, gertatzen dena gertatzen dela ITPren akzioen %70 AEBetako Bain Capital inbertsio-funtsaren esku geratuko da. Eta Bain Capitalek, aldi berean, Espainiako Gobernuaren baimena behar du operaziorako, ITP “defentsarako interesa” duen enpresa baita.

"Gure irudipena da Aperribaytarren SAPAren anbizioa dela heriotzaren merkatarien Espainiako poloaren egituran garrantzia irabaztea"

Gure ustez, bai SAPAren bai INDRAren mugimenduek zerikusia izango lukete garrantzi handiagoko operazio batekin, INDRAren inguruan Espainiako industria-polo militar handi bat sendotzea helburu duena. Polo horretan, SAPA (ibilgailu militarrak) eta ITP (aeronautika) enpresez gain, beste sektore batzuetako enpresa militar gehiago sartzen saiatuko da, hori guztia hurrengo urteetako Europako programa militar handietan bigarren mailako papera ez izateko. Ideia hori duela urte batzuk proposatu zuen Pedro Morenés buru zuen Defentsa Ministerioak, eta badirudi Margarita Roblesek jaso zuela. Eta ez da berria. XX. mendearen hasieran, antzeko industria-talde bat sortu zen: SAPA, EISA (INDRAren aurrekoa), SECN (Navantiaren aurrekoa) eta CASA (sektore aeronautikoa, orain ITPk jokatuko lukeen rola).

Denborak argituko du kontua, baina gure irudipena da Aperribaytarren SAPAren anbizioa dela heriotzaren merkatarien Espainiako poloaren egituran garrantzia irabaztea, horretarako akzioen arteko lotura gisa egiten duen lana baliatuta.