argia.eus
INPRIMATU
Jokin Aperribay, Realeko presidentea: “Maccabi gerrarekin lotzea bidegabea litzateke”
  • Realak Israelgo Tel Aviv-eko Maccabiren kontra jokatuko du ostegunean Belgradon. Segurtasun arazoak direla-eta, ez dute Israelen jokatuko. Talde txuri-urdineko zaletu batzuek Realari eskatu diote Palestinaren aldeko keinuren bat izateko, baina Jokin Aperribay presidenteak argi utzi du ez dutela horrelakorik egingo. "Futbol partida bat jokatzera goaz; gu ez gara txapelketako epaileak".

Jon Torner Zabala @jtorner 2024ko urriaren 24a
Tel Aviveko Maccabi taldeko futbolariak, bahituak askatzeko eskatzen duten kamisetekin, haien estadioan. Maccabi

"Hiru gauzari buruz hitz egin nahi dut", adierazi du. "Lehenik itxaropenaz, bigarrenik segurtasunaz eta ondoren futbolaz. Bakearekin konprometituta gaude eta, noski, palestinar herriari elkartasuna adierazten diogu. Eta bakea ez da immobilismoarekin eraikitzen, dinamismoarekin baizik. Gogorarazi nahi dugu 2023ko urriaren 7an gipuzkoar bat, Ivan Illarramendi, hil zela emaztearekin batera. Bakea nahi dugu, gerrak amaitu beharra dauka, eta bahituek euren herrialdera itzuli behar dute", esan du hedabideen aurrean.

"Futbol" kontuei helduta, Realeko presidenteak adierazi du haiek ez direla "txapelketako epaileak". "Guk bihar egingo duguna da futbol partida bat jokatu eta hura irabazten saiatu. Gustatuko litzaiguke futbolak balio izatea herriak, pertsonak eta sentimenduak batzeko, bakearen alde lan egiteko. Realak lan egingo du, futboletik, etorkizun hobea izan dezagun. Guk Maccabi lotzea gerra batekin bidegabea izan daiteke. UEFAk eskatzen digu jarrera normala izateko; pertsonekin du zerikusia honek, herrialdeekin baino gehiago".

Ez litzateke Reala izango, halere, Israeleko kirol taldeak gerrarekin lotuko lituzkeen lehenengo kluba. Are, israeldarrak eurak ere Palestinaren kontrako gerran kokatu izan dira, bahituen askapena eskatzeko (saskibaloi partida zein futbolean), Israelgo soldaduei babesa azaltzeko, edota, Maccabi World Union erakundearen bidez, Hamaseko "terroristek" egindako erasoen biktimak laguntzeko. Maccabi, hain justu, Israelgo talde nazionala da, Gobernuaren "ordezkaria" hein batean; jokatzen duen lekuan jokatzen duela, argi geratzen da hori.

Genozidioa, aipatu ere ez

Aperribayri egindako galdera egin izan baliote Europako beste edozein futbol taldetako presidenteari, gauza bera erantzungo luke ziurrenik. Bakea desio dutela bai Palestinarentzat baina baita Israelentzat ere, gerrak amaitu behar duela, futbol kluben egitekoa futbolean jokatzea besterik ez dela, futbolak banatzeko ez baizik eta pertsonak batzeko balio behar duela, politika eta kirola ez direla nahastu behar, eta abar. Gutxik aipatuko dute "genozidioa", edo Israelek Gazan eta Libanon hildako 45.000 lagunak. Realeko presidenteak esandakoen artean, nobedadea agian da "dinamismoaz" mintzo dela, hain justu ezer egingo ez duela esateko.

Bestalde, gogoan hartu behar da Aperribayk lotura duela armagintzaren sektorearekin.