NATOko estatukideek, Aliantza Atlantikoko zuzendaritzak hala aginduta, Defentsako aurrekontuak nabarmen handitu behar izan dituzte, baita armak bidali ere erakundeak esandako gatazka-lekuetara. Aurrekontu igoera horiei esker, Euskal Herriko armagintza enpresak are gehiago ari dira aberasten: SAPA, Sener, ITP Aero eta Aernnova dira horietako batzuk.
Santurtzitik Ukrainara irtetekoak diren hogei tankeak Aperribay familiaren SAPA enpresaren agindupetik pasa dira. Makineriaren propultsio mekanismoaz arduratu da Soraluzeko enpresa, kateak eta errodaje-tresnak eginez, besteak beste Santa Bárbara, Indra eta Escribano taldeekin batera. El Correo egunkariak jakitera eman duenez, Espainiako Gobernuak 348 tanke-unitateko eskaera egin die enpresa hauei, guztira 2.100 milioi euro ordainduta (tanke bakoitzeko beraz, sei milioi euro baino gehiago ordaindu dira diru publikotik).
Eskaera hirukoiztu egingo du ordea, 2023an. Aipaturiko artikuluan jasotzen denez, urtea amaitzerako, Espainiako Defentsa ministerioak 1.000 tanke eduki nahi ditu, guztira 6.000 milioi euro baino gehiago ordainduta.
Aperribay familiak zuzentzen duen SAPA enpresaren bilakaera ekonomikoa erabat argigarria da, eta oraingo honetan Espainiako Gobernuari salduko badizkio ere, kanpora asko esportatzen du. Izan ere, 2015ean, esportazioak fakturazio osoaren %0,82 baziren soilik, 2020rako erdia baino gehiago ziren, %60,73. Datu horiek eta beste hainbat katramila jasotzen dira Antimilitaristak mugimenduak argitaratutako La sapa de los Aperribay liburuan; erreportaje honetan jaso zuen ARGIAn.
Hamaika tonako gerra-droneak, Bizkaian eginak
Sener enpresak zuzentzen du enpresen arteko Europako Defentsa Funtsa, eta ITP Aeroren bitartez ibilgailu autonomoak edo droneak sortzea da Europaren asmoa; drone handiak, hamaika tona izango lituzke bakoitzak. Orain arte, Eurofighter gerra-hegazkinaren motorrak egiten ditu Zamudioko Parke Teknologikoan egoitza duen ITP Aerok, eta horixe da orain arteko modelorik erabiliena eta berrienetakoa. Gidaririk gabeko hegazkinak merkaturatzea da enpresa hauen helburua, Europak hala aginduta.
Horrez gain, tartean da Aernnova aeronautika enpresa. Erabilera militarreko 30 hegazkin modelo ingururen mantentze lanak eta diseinuak egiten ditu Aernnovak, besteak beste Eurofighter hegazkinarenak. Espainiako Defentsa ministerioak eskaria handituko du 2023an eta datozen urteetan.
Espainiako gastu militarra %42 igo da azken hiru urtetan
NATOk hala aginduta, 2030. urterako, estatukide guztiek defentsa-aurrekontua Barne Produktu Gordinaren (BPG) %2 izatea finkatu zuten gutxieneko zifratzat. Espainiako Estatuaren kasuan, esaterako, dezente igo beharko da inbertsioa gutxieneko horretara heltzeko, %1 ingurukoa baino ez zen-eta iazko udazkenean.
Horregatik, 2023. urterako, %25,8 igo da gastu militarra Espainiako Estatuan; hau da, 2022an bideratu ziren 9.791 milioi eurotik 12.317 milioira igoko da zenbatekoa. Militarren soldatak igotzera bideratuko da aurrekontuaren zati bat, baina beste gehiengoa armagintza industriarekin hitzarmenak sinatu eta berrikuntzarako inbertsioak egitera.