argia.eus
INPRIMATU
Aperribay familia eta SAPA armagintza enpresa aztergai, Antimilitaristak EHk argitaratutako liburuan
  • La SAPA de los Aperribay. La guerra empieza aquí (Aperribaytarren SAPA. Gerra hemen hasten da) liburuak SAPA enpresak duen “babes politikoa” eta “inpunitatea” ikertu eta Euskal Herriko armagintza industriaren salaketa egiten du. Liburuaren aurkezpenari lotutako “gertakaria larria” salatu du Kaxilda liburu dendak.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2022ko maiatzaren 25
Liburuaren azaleko argazkia. Irudia: Euskal Herriko Antimilitaristak

Liburua Gasteizkoak talde antimilitaristak egin du, baina Antimilitaristak EH taldearen izenean argitaratu dute –Armiarma Talde Feminista Antimilitarista; Bake-Ekintza Antimilitarista; Bardenas libres; Bilboko KEM-MOC; Emakumeok Gerraren Aurka; Gasteizkoak; Gerrarik Ez Eibar; Jaizkibel militarrik gabe; Kakitzat; Gerra Hemen Hasten Da– . Sarreran azaltzen dutenez, denbora da Euskal Herriko talde antimilitaristak biltzen hasi zirela, elkarrekin hausnartu eta ekimen zenbait bultzatzeko, eta hasieratik “kontsentsu handienetakoa” batzen zuen ideia SAPA armagintza enpresa salatzearena izan da: “Euskal Herriko heriotzaren merkatarien adibiderik iraingarrienetarikoa”.

SAPAren jatorria bost mende atzerago kokatzen badu ere, liburuak 1985etik aurrerako aldian zentratu du ikerketa, urte horretan “Aperribay familiako zenbait kidek hartu zuten enpresaren kontrola”. Hasiera batean txosten bat izan behar zuena liburu bilakatu da, “aurkitu duguna SAPAri buruz genuen jatorrizko iruditik harago baitoa”, egileen esanetan. Besteak beste, ikerketak nabarmentzen du SAPA “enpresa talde txikia izatetik urrun” hogei sozietate ingururekin lotuta dagoela.

Inpunitatea

SAPAk duen babes politikoa handia eta zabala dela ziurtatzen du liburuak, “enpresa-politikaren ardatzetako bat, antza”, eta babes horrek “inpunitatea” bermatzen diola. Inpunitate hori hiru modu nagusitan gauzatuko litzateke: milioi euroetako zorrak erakunde publikoekin; bere jabetzako lurzoruekin lortutako etekinak –“pelotazo” bezala izendatzen dituenak–; eta diru mailegu publikoen baldintzetan lortzen dituen moldaketak, “hamarnaka milioi euro aurrezten dizkiotenak”. Liburuak horrelako hainbat kasu ikertzen ditu.

SAPAko buru Ibon Aperribay Kaxildan?

SAPAren “nukleo gogorrean” kokatzen ditu liburuak Joaquin Aperribay Elosua eta bere seme Ibon eta Jokin Aperribay (azken hori Realeko presidentea ere badena), Enrique Falcó Carrión eta Alejandro de Calonje Hoces-ekin batera. Ikerketa ostiralean aurkeztu zuen EHko Antimilitaristak Donostian, goizean Koldo Mitxelenan eta arratsaldean Kaxilda liburu dendan.

Kaxildak liburuaren aurkezpenarekin lotutako “gertakari larri” bat salatu du. Ohar batean zabaldu duenez, larunbat goizean gizonezko bat liburu dendara sartu eta langile bati esan zion, liburuaren azal seinalatuz, “ni naiz argazkikoa”. Horren aurrean “posible ote da Ibon Aperribay bera izatea?” egiten du galdera oharrak. Gizonezko horren jarrera salatu du Kaxildak:

“Pertsona horrek, lanean ari den eta harrera egin dion lagunari bizkarrean bi kolpe ematen dizkion bitartean (batere modu lagunkoian), modu etorkor eta oldarkorrez baieztatzen du: ‘Sentitzen dut zuengatik, leku polita duzue, ni neu hemen egon naiz zuen terrazan, baina oker zaudete aurkezpen hau zuen espazioan egiten uztean. Bai, sentitzen dut zuengatik’”. Gertakaria “larritzat” jo du Kaxildak, eta proiektuari elkartasuna adieraztera deitu ditu herritarrak.