argia.eus
INPRIMATU
Apartheidaren trena errailetatik ateratzeko
  • Jerusalemgo Tren Arina eraikitzeko asmoa du CAFeko zuzendaritzak. Euskal Herriko eragile ugarik CAF, jaitsi zaitez Israelen apartheidaren trenetik kanpaina aurkeztu du, Beasaingo enpresak ekainaren 13an egingo duen Akziodunen Batzar Orokorrean "apartheidaren azpiegitura" atzera botatzeko aldarria entzun dadin.

Mikel Eizagirre 2020ko ekainaren 08a
BDZ-ren kanpainaren agerraldia

Datozen asteetan erabakiko da Zisjordaniako palestinarren zoria: uztailaren 1etik aurrera Israelek Zisjordaniako hainbat lur anexionatzeko asmo argia azaldu du. Anexioak, ordea, ez dira arma hutsez egiten; indar kolonizatzailearen eta territorio kolonializatuaren arteko azpiegiturak indartzea funtsezko betebeharra da edozein potentzia okupatzailerentzat. Tankeak eta soldaduak erabilgarriak izan daitezen, kontrolpean mantendu nahi den lekura horiek garraiatzeko ahalmena izan behar dute. Inbasioak ez du merezi lurralde okupatura ezin badira biztanleria eta merkantzia propioak eraman. Mugikortasuna, bizkortasuna eta eraginkortasuna. Hiru gako estrategiko hauek ezarri ditu Israelek Zisjordaniako lur gehiago bereganatzeko. Asmo horietarako tresna da Jerusalemgo Tren Arina. Israeli Boikot, Desinbertsioa eta Zigorrak (BDZ) nazioarteko kanpainako kide den Gasteizko Sergio Garciaren ustez, hiru dira trenaren helburuak: Jerusalem Ekialdeko koloniak hirigune sionistarekin lotzea, trenak zeharkatuko dituen lurraldeak Israelen behin betiko integratzea eta palestinarrak baztertzea.

BDZ-ko kideek mugimendu geoestrategikoa dela azpimarratu dute, eta trenaren eraikuntza lanetan esku-hartze zuzena duen CAF enpresari eskakizun argia luzatu diote: eraikuntza-lanak bertan behera utz ditzala. Berez, datorren urrian ziren hastekoak zulaketak eta burdinbideen eraikuntza-lanak, Israelgo Shapir enpresarekin elkarlanean. COVID-19ak eragindako salbuespen egoeran, ordea, agintari sionistek aukera paregabea ikusi dute lanak azkartu eta oharkabean pasatzen saiatzeko.

Patata beroa

Proiektu horretan Euskal Herriko konpainia bat zuzenean inplikatuta dago: CAF enpresa. Garciak jakinarazi digunez, Beasaingo konpainiaren eta Shapirren arteko akordioak 2019ko abuztuan jaso zuen trenbidea egiteko esleipena; bigarren linearen eraikuntzarena, zehazki. Ordurako, CAF ez zen lehen hautagaia izan baina, 2017tik zetorren tirabiraren emaitza edo azken apustua baizik. Izan ere, Garciak azaldu duenaren arabera, Israelgo Gobernuak eta Jerusalemgo alkatetzak proiektuaren lehiaketa zabaldu zutenetik, hainbat enpresa garrantzitsuk erretiratzea erabaki zuten, nazioarteko legedia hausten duen proiektu honetan euren irudi publikoa zikintzearen beldur. Siemens alemaniarra, Alsthom eta Systra frantziarrak, Bombardier kanadarra eta Maquarie australiarra dira horietako batzuk. 2015. urtean Frantziako Veolia korporazioak Israelen zituen inbertsio guztiak ere erretiratu behar izan zituen, presioen eraginez. Horrez gain, Garciak gogora ekarri du CAFen kidea, Shapir konpainia israeldarra, 2020ko otsailetik Nazio Batuen zerrenda beltz batean dagoela. Zerrenda horretan legez kanpoko kolonietan negozioak dituzten enpresak agertzen dira.

BDZren apustua

CAF beste enpresa guztiak bezalaxe erretiratzea eta “apartheid azpiegitura” bertan behera uztea da BDZ mugimenduaren helburua, eta horretarako abiatu dute CAF, jaitsi zaitez Israelen apartheidaren trenetik kanpaina. Garciak argitu du Euskal Herriko eragile politiko eta sozial ugarik babesten duela kanpaina, baita CAFeko langileen batzordeak ere. Otsailaren 22an Euskal Herriko 70 eragileren artean aurkeztu zuten adierazpena, Ordizian. Norbanako asko kanpainara atxikitzen ari dela dio Garciak, eta sare sozialen bitartez deialdia zabaltzen laguntzen ari direla, adibidez. Hainbat kazetarik ere euren konpromisoa luzatu diote kanpainari. Baina babes formala eskaintzeaz gain, asko dira CAFera telefonoz deitzen ari direnak, “Nazioarteko Legedia betetzea eta proiektutik aldentzea” eskatzeko. Ekainaren 13an CAFeko Akziodunen Batzar Orokorra izango da, eta han euren eskakizunak mahai gainean egon daitezen nahi dute BDZko kideek.

Isiltasuna hausten

COVID-19ak eragin duen alarma egoeraren ondorioz, hainbat komunikabidek arreta desbideratzeko aitzakia perfektua izan dutela salatu du Garciak. Israelek ere koartada bera baliatu duela dio, joan den hilean hasi baitzituen obrak, eta horretarako Nazioarteko Legediaren aurkako proiektua gauzatzeko “krisiaren estalkia” baliatu dute. Horra BDZren beste erronka bat: “komunikabideetan auzia azalaraztea”, gaur arte hedabide nagusiek ez baitiote jaramonik egin. Boikotaren, desinbertsioen eta zigorren aldeko mugimendua sortu zen Palestinako gizarte zibilak nazioarteko solidarioei luzatutako laguntza-eskaeraren ostean, palestinarren zapalkuntza isilpetik atera, salatu eta Mendebaldeko herrialdeetan administrazioei eta enpresei Israelekiko kolaborazioak eteteko eskatzeko. Estatu sionistarekin dituzten hitzarmen guztiak bertan behera uzteko kanpainak egiten dituzte, “nazioarteko legedia betetzen ez duen bitartean eta palestinarren eskubideak bermatzen ez dituen heinean”.

Instituzioen partaidetza

CAFeko akziodunen artean Eusko Jaurlaritza dagoela ohartarazi du Garciak. EAEko instituzioak akziodun eta partaide izanik, “arduraz jokatzea” eskatzen diete, bestela eurak ere erantzule izango direlako trenak palestinarrei eragingo dien kalteaz.