2021eko uztailaren 30ean, Manuel Aizpuru SL enpresako nagusiarekin “enegarren liskarra izan ondoren”, gauean lantokian bakarrik zela, 20 urteko Luis Enrique Soriano gazteak bere buruaz beste egin zuen. Bere senideek, gertukoek eta mugimendu sozialek salatu zuten lanean sufritzen zituen presioak eta baldintzek eragin zutela erabaki horretan. Orain ARGIAk argitaratu ditu Sorianoren nominak, zeinetan berak eskuz idazten zituen hilero sartutako aparteko ordu kopuru handiak. ESK sindikatuak jarritako salaketa dela-eta, epaiketa ekainaren 26an hasiko da Donostiako lan-arloko 1. epaitegian.
Luis Enrique Sorianok 17 urte zituen Dominikar Errepublikatik Azpeitira etorri zenean etorkizun hobe baten bila. Hiru urte geroago, aurrez aparteko arazo psikologikorik izan ez zuen gazteak bere buruaz beste egin zuen. Bere lantokian bertan egitea erabaki zuen: Azpeitiko Manuel Aizpuru S.M enpresa txikian. 2021eko uztailaren 30eko gaua zen. Sorianok berak behin baino gehiagotan adierazi zien bere ingurukoei "ezin zuela gehiago", lanean sufritzen zuen egoera txarrari erreferentzia eginez.
Ondorengo egunetan bere heriotzaren nondik-norakoak isilik mantendu ziren. Ahanzturan geratzen diren beste kasu bat gehiago zatekeen, ez balitz gaztearen ama Silvia Castillo Azpeitiko Elkar-ekin taldearekin harremanetan jarri eta semearen bizipenak azaldu zizkielako. Ordutik hainbat mobilizazio, salaketa eta ekimen antolatu dituzte Sorianoren esplotazioa jendarteratzeko.
Azken bi urteotan Sorianoren senideek eta mugimendu sozialek zabaldu dute lantokian bizi zuen egoera makurraren eta suizidioaren arteko lotura. Hamabi orduko lanaldiak egiten zituela, larunbatetan ere lan egiten zuela, horretara behartu egiten zutela salatu dute. Soriano hil zela jakin eta segituan, orduan Sorianoren neska-laguna lantokira joan zela hango jabeei "esplotatzaileak", "zuek hil duzue Luis Enrique" gisakoak esatera.
Senideek eta gertukoek emandako informazioan oinarrituta Elkar-ekinek hainbatetan salatu du lantegian bizi zuena: "Akatsen bat egiten zuen bakoitzean, oihu egiten zion nagusiak, umiliatu egiten zuen. Lan karga handia zuen. Sorianok hala adierazi zion nagusiari eta beste langile bat hartu beharko zukeela esan zion, baina ez zion kasurik egin. Beste behin, pieza bat gaizki egin izanagatik, soldatatik 300 euro kendu zizkioten. Zegokion adina opor-egunik ez zuen. COVID-19 gaitzak jota egon arren, lantokira joatera behartu zuten. Gauez eta bakarrik egin behar izan zituen lanaldiak…".
Sorianoren heriotzaren egunean bertan liskarra izan zuen nagusiarekin. Osalanen txostenean jasota dagoenez, pieza bat gaizki atera zela-eta, nagusiak adierazi zuen Sorianorekin adostu zuela hurrengo egunean Soriano lanera joatea. Hurrengo eguna uztailaren 31 zen, San Inazio Eguna, festa egun handia Azpeitian. Jai egunean lan egin beharko zuela adierazi zion gaueko 22:00etan, nahiz eta kontratuaren arabera lanaldiaren amaiera arratsaldeko 17:00etan izan. Gau horretan bertan egin zuen bere buruaz beste.
Enpresaren jokabidea agerian
Osalanek eta Lan Ikuskaritzak txosten bana argitaratu zuten kasuaz 2022ko ekainean eta uztailean. Horietan Manuel Aizpuru SL enpresak egindako hiru arau-hauste larri jasotzen dira, besteak beste. Elkar-ekineko kideek azpimarratu dutenez, Osalanen txostenak honela dio bi pasartetan:
- "Ohiko jarduera zen langileak (Soriano) aparteko orduak egitea, baina ez ziren lanaldiaren fitxaren bidez erregistratzen edo kuantifikatzen, eta nominan prima finko gisa ordaintzen zizkioten".
- "(Sorianoren) Lankideei beste era batera kuantifikatzen eta ordaintzen zizkieten aparteko orduak, eta, beraz, langileen artean tratu desberdina zegoen".
Txostenek, halere, ez dute egiaztatzen lan baldintzen eta suizidioaren arteko harremana, eta bide judizialaren esku utzi zuten hori frogatzeko aukera.
Sorianoren nominak argitara
Hasieratik eskura zituzten Sorianok hilero jasotzen zituen nominak, baina kasua epaitegietara eramatea erabaki zutenez –ESK sindikatuak jarri zuen salaketa–, ez zituzten publiko egin nahi izan bidea ez oztopatzeko. Orain, epaiketa ate joka dagoela –ekainaren 26an abiatuko da Donostian–, Sorianok hilero egiten zuen aparteko ordu kopuru itzela erakutsi nahi izan dute.
ARGIAk argitaratzen dituen nomina horietan agerian geratzen da nola enpresak aparteko orduak "Prima de producción" izenpean ordaintzen zizkiola. Nominetan ez zituzten aparteko ordu horiek hala jasotzen eta, Sorianok, lapitzez, apuntatzen zituen hilabetean egindako aparteko orduak: 2019ko apirilean 90 ordu, 2019ko otsailean 92 ordu... Oinarrizko soldatatik baino diru gehiago jasotzen zuen aparteko orduen truke jasotzen zuenagatik.
Espainiako Estatuko legeriak onartzen duen urte osorako aparteko ordu kopurua (80) hilabete bakar batean gainditzen zuen Sorianok.
Enpresako arduradunek ez dute publikoki hitz egin kasuaz.
Ez da kontu isolatua
Elkar-ekinek salatu duenez, "prekarietate eta jazarpen egoerak ohikoak dira herriko enpresa askotan, eta ohikoa da, aldi berean, egoera horiek okerrera egitea langileak migratzaileak direnean". Ildo horretan berriki jakinarazi dute Azpeitiko bizilagun baten kasua: hilabetean 30 eguneko lan egutegia, 24 orduko lanaldia, eta trukean orduko 1,39 euroko soldata.