argia.eus
INPRIMATU
Aparkalekua edo ortua? Getxon jokatzen ari diren gizarte eredu talka
  • Bi asteko kanpaldia biribilduz, urtarrilaren 21ean "Andra Mari ez ikutu" lemapean manifestazioa egin zuten herritarrek Getxo Bizirik plataformak deituta. Bizkaiko akuifero handienetakoa den Ibarbengoa parking ez bihurtzea dute helburu, eta bertako Tosu landa baratze komunitario mantentzea. Hurrengo asteetan kanpaldiarekin jarraitzekotan dira.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2017ko urtarrilaren 23a
Urtarrilaren 21ean Getxon eginiko manifestazioa. Tosu Betirako.

2014an abiatu zen Tosu Betirako mugimendua, Getxoko udalak Ibarbengoan hektarea bateko parkinga egin nahi duen eremuan dagoen Tosu landa okupatu eta baratze bihurtuz. Parkinga Hirigintza Plan zabalago baten zati da: 8.000 etxebizitza eraikitzea du asmoa Getxoko Udalak, Viviendas de Vizcayaren bidez. Plan horren barruan, lehen eragiketa metro geltokia egitea izan zen: 50 milioi euro kostatu da eta justu-justu metroen loturak egiteko erabiltzen da, ez da herritarrek metroa hartu dezaketen geltoki bat.

Hirigintza Planean bigarren eragiketa izan nahi du Ibarbengoako aparkalekuak. Honek 6 milioi euroko aurrekontua du. Tosu Betirako mugimenduko kideek ohartarazi dute Getxon uholdeekin zailtasunak izaten dituztela, eta Bizkaiko akuifero handienetako bat asfaltoz gehiago estaltzeak arazoak areagotuko dituela. Hau guztia primeran azaltzen du Tosu Betirakoren bideoak:

Legez kanpoko aparkalekua?

Tosu Betirako mugimenduak adierazi du aparkalekua "ilegala" dela, hiri-antolamendu plangintzatik kanpo dagoelako eta bideratzeko trenbideko azpiegitura balitz bezala tramitatzen dutela. Ingurumen eraginen txostenik gabe ari direla ere salatu dute.

Paradigma aldaketa: "Porlana ezin da jan"

Horrela diote beren blogean: "Hau ez da ordea gazte batzuen eta parkina eraiki nahi dutenen arteko afera hutsa, bi mundu ikuskera kontrajarrien arteko talka baizik: lekuan-lekuko kontsumoaren eta mugikortasunaren artekoa, nekazaritza ekologikoaren eta monokultibo industrialaren artekoa, auzoen nortasuna mantentzearen eta uniformizatzailea den porlanaren aldekoaren artekoa… Finean, benetako jasangarritasunaren aldekoen eta bizitzeko Lurra halako hiru planeta beharrezko direla deritzotenen arteko talka".

Ekintzetan bizi

Kanpaldira deia egiten duen bideo honetan ikus daiteke nola altxa duten bioeraikina negu hotzean eutsi ahal izateko. Literetan egin dezakete lo eta baratzeko fruituak bertako sukaldean eta adobezko labean prestatzen dituzte. Hitzaldiak, bertso afaria, dantza saioak, musika emanaldiak... egin dituzte orain arte.

Bideoan 2014ko ekintza bat ere ageri da, Bizkaiko Garraio Partzuergoan baratzea jarri zutenekoa, zera adieraziz: "Bizkaiko Garraio Patzuergoak ortuak porlanez zapaltzen dizkigu beraz ortua bere atera dakarkigu". Ez dute aurtengoa lehen kanpaldia, 15 eguneko bat egin zuten 2014an ere.

Bioeraikinari esker baldintza egokietan egin dute, negu hotzenean, ekintza sorta. Argazki honetan ageri den, feminismo intersekzionalari buruzko hitzaldia, adibidez.
Adobezko labea.
Adobezko labeak jaki beroak bermatzen dizkie kanpatutako herritarrei.

Urtarrilaren 23ko astean kanpaldiarekin jarraituko dute, espero baitute aparkalekua egiteko tramiteek aurrera egingo dutela aste honetan.