argia.eus
INPRIMATU
Aparatua gaindituta, ekaineko kongresua da Sánchezen hurrengo langa
  • Susana Díazi tarte handia aterata Pedro Sánchezek irabazi ditu PSOEko hauteskunde primarioak. Patxi Lopez lehiatik kanpo egon da uneoro,  soilik EAEn lortu du irabaztea; Nafarroan Sánchezek irabazi du.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko maiatzaren 22a
Pedro Sánchez PSOEko buru berria.

PSOE gidatzeko lehian, Díazek PSOEko egituren eta “baroien” eta komunikabide handien laguntza eduki du, baina ez da nahikoa izan garaipena lortzeko. Sánchezek jaso du militantziaren laguntza handiena: 74.223 bozka jaso ditu, Díazek 59.041, eta azkenik, Lópezek 14.571. Espainiako Estatuko erkidego guztietan irabazi du Sánchezek, Andaluzian eta EAEn izan ezik.

Lópezek lortutako bozka urrietako gehienak EAEn lortu ditu —Gipuzkoan eta Bizkaian irabazi du, eta Araban Sánchezek—; EAEn bozen %52,5 lortu du Lópezek, Sánchezek berriz %40,1 eta Díazek %7,5. Nafarroan berriz, garaipena Sánchezek lortu du, botoen %69,51 jaso du, Díazek %16,49 eta Lópezek %13,19. Nafarroako egiturak garailearen alde egin zuen hauteskunde aurreko kanpainan.

Emaitzek buelta eman diote primarioetan parte hartzeko aurkeztu beharreko abalen kopuruari: Díazek 60.231 abal jaso zituen, jasotako botoak baino 1.190 gutxiago; Lópezek eta Sánchezek jasotako abal baino boto gehiago jaso dituzte. Desfase hori azaltzeko egiturak militanteengan egindako presioak aipatu dituzte Eldiario.es eta Público komunikabideek.

Sánchezek “ezkerreko” proiektua defendatzen duela argudiatu du kanpainan zehar, eta primarioen emaitzak jaso ostean eman duen hitzaldian adierazi du Moncloarako bidea hasi dutela orain. Díazek, bere lehiakidearen izena aipatu gabe eman duen adierazpenean PSOEren beharretara zerbitzura jarriko dela esan du. El País-ek, Sánchezen garaipena saihestu eta Díaz bultzatu nahi izan duen medioak, baina, jada ohartarazi du egoera honek are gehiago kaltetu dezakeela PSOEren proiektua.

Ekainaren 17an eta 18an kongresua egingo du alderdiak, eta hor ere alderdiaren bi aldeak talka egingo dute alderdiaren norabidea bereganatzeko lehian.