argia.eus
INPRIMATU
Sail Ofiziala. Irekierako filma
Apar gutxiko desioa

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko irailaren 20a

Izan zitekeenerako, apala izan da Donostiako 72. Zinemaldiaren irekierako pelikula Emmanuelle. Erotismoaren sinboloa izan da azken mendeko filmografian, eta remake honek bazituen espektatibak, “feminismoaren ukituak” izango zituela esan izan zaigulako... Baina gorputz biluziak pantailan besterik gabe agertzeak, egun, ez du funts handirik. Gauzak diren bezala. Nahikoa objektiboa da hori esatea. Hiri honetan geroz eta taberna herrikoi gutxiago geratzen ari diren bezalaxe.

Horren guziaren adierazle dira goizeko prentsa-saioaren ostean jaso dituen txalo apurrak –gauean izango da emanaldia, inaugurazio ekitaldian, bi katalan umoregile eta espainol batek gaztelera ederrean eginiko monologoen ondotik–. Beraz, pelikulari ezin aurrerapen handirik egin sinopsiaz eta bi detailez harago: Emmanuellek Hong Kongera bidaiatuko du, luxuzko hotel batera, hotel-kate horren kalitate-neurtzaile gisa egiten duelako lan, eta bidaia horretan harreman arraro samarra egingo du pertsona batekin.

Desioa, desio eza eta batere argi islatzen ez diren iraganeko hainbat mamu jorratzen ditu pelikulak. Desioa eta plazera, beldurra, ameskeria... Begiraden atzean ezkutatuko direnak. Sexu-langileei ikusgarritasuna emateko ahalegina ere sumatzen da, baina alderdi hori landu zitekeenerako, ez da sobera interesgarri.

Uneren batean, egia esan, intriga piztu dezake bai kontakizunak eta bai kontatzeko erak, giroa hain delako horixka, luxuzko hotelean eta tentsio erotikoko begiradekin sorturiko ingurugiroan. Baina sekuentziek aurrera jarraituta, hainbat ikusmin ke lausotan galtzen dira; gerora sakondu ez diren eta transzendentziarik ez duten hari gehiegi zabaldu ditu Audrey Diwan zuzendari frantsesak. Veneziako Urrezko Lehoiaren saria irabazi zuen zuzendariak 2021ean, L’Évenement filmarekin, baina oso harritzekoa litzateke Emmanuelle-n bidea bestearen mailara hurreratzea ere.

Mundu mailako estreinaldia izan du hau Emmanuelle filmak. Irailaren 27tik aurrera helduko da zinemetara. Erotismo pixka bat atsegin duenari gustatu ahal zaio pelikula; zenbaitzuei ez, bati baino gehiagori kosta baitzaio butakan postura hartzea.