Azken asteetan François Bayrou Frantziako lehen ministroaren harira ezaguna egin bada ere, aspalditik dira albiste Betharram eskola katolikoko apaizen gehiegikeriak. Lau urtez barnetegian ikasle izan zen Paxkal Indo lapurtarrarak Euskal Irratiaki adierazi eta ARGIAk transkribatu duenez, Betharram "nolakoa zen" bazekiten denek.
François Bayrou 2024ko abenduaren 13an izendatu zuten Frantziako lehen ministro: ibilbide luzeko politikaria da, besteak beste, Hezkuntza ministro izan baitzen 1993 eta 1997 urteen artean eta Pau hiriko alkate. Haren izendapena izan da azken asteetan Betharram eskola katolikoaren afera ezaguna bihurtzeko arrazoi nagusia: beren seme-alabek bertan ikasi zuten, eta hainbat hedabidek eta testigantzek leporatu diotenez, barnetegi horretako apaizek ikasleen aurka erabiltzen zuten bortizkeriaren berri zuen Bayrouek Hezkuntza ministro zela.
Paxkal Indo lapurtarrak, beste ipar euskal herritar ugariren gisara, Betharrameko barnetegian igarotzen zuen aste guztia –hala egin zuen lau urtez, 1984tik 1988ra–. Indori "bost axola" zaio Bayrouren inguruan sortutako polemika, Euskal Irratiaki eskainitako elkarrizketan adierazi duenez: "Apaizen indarkeria orokortuaz jakitun izan behar zen". Sexu erasorik ezagutu edo ikusi ez zuen arren, eraso fisiko ugariren lekuko izan zela azaldu du: "Zurrumurruak baziren, baina dena ezkutatzen zen".
Garai hartako gehiegikerien erakusle, Indok Betharramen inguruan esaten zen esaldi ezagun bat gogorarazi du: "Lan ondo egiten ez baduzu, Betharramera joango zara". Lapurtarraren arabera, eskola katolikoan isiltasunak "sekulako lekua" zuen, eta etengabe ikasle on eta txarren bereizketa egiteak apaizen bortizkeria salatzea saihesten zuen, "jipoitzeko beldurrez". Halere, Indok ez du bere burua biktima gisa identifikatzen, baina "normaltzat" hartzen du indarkeria hori jasan zuten beste batzuek hala aitortzea euren burua.
Indarkeria, eguneroko ogia
Barnetegian ikasle bezala jardun zituen urteetako testuinguruak apaizen indarkeria "normalizatzea" eragin zioten Indori: GALek ETAren aurka abiatutako gerra zikina Ipar Euskal Herrira hedatu zen, eta lapurtarraren inguruko ezagun ugari izan ziren talde armatu espainiarrak erabilitako biolentziaren biktima. Hortaz, barnetegian bizi izan zituen erasoak "arruntatzat" hartzen zituen.
Gutxienez ehun salaketa ezarri dituzte 70eko eta 90eko hamarkaden artean Betharrameko apaizen indarkeria pairatu zuten ikasle ohiek. Barnetegiko begirale ohi bat epaitu zuten ostiralean, sexu bortxaketa eta sexu erasoak egin izana leporatuta, eta Askatasun eta Espetxeratze Epaileak baldintzarik gabeko atxiloaldia ezarri dio.