argia.eus
INPRIMATU
Elizaren tabua areagotuko duen Éric Colomerren dokumentala
Apaiza katolikoek bortxatutako moja erlijiosoak
  • Eliza Katolikoaren bortxaketak salatzen dituen Mea maxima culpa dokumentala zabaldu zuen iragan urteko urrian Arte telebista kateak. Apaiz pedofilo baten kasua ekarri zuen pantailara. Oraingoan, serorak bortxatu dituzten apaiza katolikoen kasua ekarri du Éric Colomer dokumental egileak.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2019ko otsailaren 22a
Munduko 27 herrialdeetan hainbat elizetako mojek idatzi eta salatu dituzte apaizek egindako bortxaketak.

AEBetan 4.500 pedofilia kasu salatu omen dira Eliza katolikoan. Alex Gibney-en dokumentalak halaxe agertzen zuen. Apaiz batek egindako abusuak salatzen dituen dokumentalak Vatikanoa aztoratu zuen. Egungo Frantzisko Aita Santuak (Jorge Mario Bergoglio) Mea maxima culpa azaltzen du Elizaren barnean izandako sexu salaketa bat zabaltzen den aldiro. “Alabaina, ez da al justizia egiteko tenorea”, galdetzen dute jendarteak baita Elizako hainbat sektorek ere.

Bada, besteak beste, galdera hori pausatzera dator dokumental berri bat. Arte kate frantziar-alemanak Emakumezko erlijiosoak, Elizaren beste eskandalu bat lana zabalduko du martxoaren 5ean, gaueko 20:50etan. Hauxe gaia: apaiza katolikoek bortxatutako moja erlijiosoak.

Orain artekoa gutxi balitz, dokumental honek tabu guztiak puskatuko dituelakoan daude egileak. Munduan barrena egindako lana da, hiru hilabetez. Orain arte ez da halakorik egin edo argitara eman. Ez da kasu bakan baten kontaketa. Bortxaketak modu sistematikoan egin direla kontatzen duen film erreala da..

Éric Colomer egileak dioenez, “azken 30 urtetan, munduko 27 herrialdeetan hainbat elizetako mojek idatzi eta salatu dituzte apaizek egindako bortxaketak. Vatikanok berriz, horiek denak ‘ezabatu’ edo ‘baztertu’ izan ditu sistematikoki”.

Apaizak identifikatuak izan arren, anonimatuan gorde ditu Vaticanoak. Apaizak parrokietatik aldenarazi eta ez ikusiarena egin dute, eta mojei entzungor egin ere. Bai tokiko gotzaindegiek bai finean Vaticanoak berak ere. “Bortxaketa berez gogorra bada, areago gogorragoa barruan eraman behar izatea, isilean, zauri intimo bihurtua”, adierazi du  Éric Colomerrek.

Arte kateak aditzera eman duenez, dokumentalak, besteak beste, hauxe konstatatuko du berriz ere: Elizaren historian emandako suerte guztietako abusuak, pedofiliakoak edota emakumeen –seroren– bortxaketak ez dira kasu isolatuak. Elizan giza eskubideen urraketak sistemikoak izan dira.