argia.eus
INPRIMATU
Apaiz pederasten zigorra murriztu du Aita Santuak, publiko egin gabe
  • Sexu gehiegikeriak egiten dituzten apaizekin "zero tolerantzia" agindu izan du Aita Santuak, baina publiko egin gabe hainbat elizgizon pederasten zigorra apaldu du, Fedearen Doktrinarako Kongregazioaren gomendioei entzungor.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2017ko otsailaren 27a

Apaizgotik baztertzen zituen hasierako zigorrak, baina errukia argudiatuz, pederasta hauek apaizgoan mantentzea erabaki du Aita Santuak. Hala jakinarazi du Associated Press albiste agentziak. Zehazki, "penitentzia eta otoitz bizitza, eta euren jarduna publikoki egiteko debekua" ezarri die.

Gehiegikeriak, erabaki kontzientea

Adin txikikoen babeserako Aita Santuaren aholku batzordeko kidea da Marie Collins, sexu gehiegikerien biktima izandakoa, eta atsekabez hartu du Frantziskoren erabakia. Aita Santuak esana da pedofilia gaixotasuna dela eta Collinsen hitzetan, "ez daude euren ekintzen jakitun ez izateko bezain gaixo. Abusuak egiten dituztenek hori egiteko erabaki kontzientea hartu dute".

Gai hauek daramatzan Fedearen Doktrinako Kongregazioaren iritzia da apaizgotik baztertu behar direla elizgizon pederastak eta gogoratu dute aurreko Aita Santuak, Benedikto XVI.ak, 800 apaiz baztertu zituela, erruki eskaerei muzin eginez.