NBEko Haurren Eskubideei buruzko Batzordeak ondorioztatu duenez, Eliza Katolikoak ez die behar bezala aurre egin adin txikikoen sexu gehiegikeriei. Batzordeak Vatikanoari apaiz pederastak baztertu eta justiziaren eskuetan uzteko exijitu dio.
Erakundearen txostenean Vatikanoari presioa egin dio NBEk, lehenbailehen “eraso sexualen autore zein susmagarriak beren betebeharretatik baztertu eta autoritateen eskuetan uztea” eskatu dio, “ikertuak eta auzipetuak” izan daitezen.
Pasa den hilean Ginebran egin zen konbentzioaren ostean plazaratutakoa da txosten hau. Konbentzioan giza eskubideen defentsan espezializatutako 18 kidek pederastiaren aurkako borrokan darabilten politikari buruzko galdeketa egin zieten Vatikanoko ordezkariei.
Vatikanoa konplize
Haurren Eskubideei buruzko Batzordeak argitaratutako txostenak dio Eliza Katolikoak ez duela nahikoa lan egin adin txikikoen sexu-gehiegikeriekin amaitzeko. Eta are gehiago, haurrak babesteko neurri egokiak hartu ez izanak “gehiegikeriak eta zigorgabetasuna iraunaraztea” eragin duela.
Batzordeak Vatikanoari egotzi dio sexu-abusuen biktimak babestu eta errudunak bilatu beharrean, “elizaren izen ona” zaintzeaz arduratu dela. Adin txikikoen babesa bigarren mailakotzat jotzeak Haurren Eskubideen alde Vatikanoak sinatu zuen ituna urratzea dakarrela gaineratu du.
Eliza katolikoari egozten zaio, bestalde, haurren sexu erasotzaileak parrokia batetik bestera edo beste herrialde batzuetara “transferitzea”, beren bidegabekeriak ezkutatu nahian. Praktika larri honekin gehiegikerien jarraikortasun eta zigorgabetasunaren erantzule zuzena da Vatikanoa.
Silvano Tomasi, Vatikanoak Nazio Batuetan duen ordezkariari urtarrilaren 16an egin zion elkarrizketa Haurren Eskubideei buruzko Batzordeak. Tomasik zehaztu zuen pederastia kasuak “beste jarduera errespetagarri askotan bezala” egon izan direla eliza katolikoan ere, eta kasu zehatzei buruzko galderak erantzuteari uko egin zion, “pribatutasuna” eta “errespetuaren” izenean.