argia.eus
INPRIMATU
‘Apaiz kartzela’ filma Edinburgon eta Venezuelan lehiatuko da, Euskal Herriko zinema aretoetan estreinatu ondoren
  • Pasa den ostiralean zinema aretoetara iritsi zen Zamorako abadeentzako kartzela frankistari buruzko historia kontatzen duen dokumentala. Nazioartean ere proiektatuko dute, Edinburgon eta Venezuelan kasu.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2021eko abenduaren 02a

Frankismo garaian errepresaliaturiko abadeen historia kontatzen duen Apaiz Kartzela dokumentala Euskal Herriko zinema areto nagusietan da ostiralaz geroztik. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian aurkeztu zuten filma, joan den apirilean, eta orain jende guztiarentzat dago ikusgai.

Oier Aranzabal, David Pallarés eta Ritxi Lizartxaren lanak Zamorako apaiz kartzelan giltzapetutako abadeen bizipenak kontatzen ditu, frankismo garaian zigortuak, erregimenaren zapalkuntza salatzeagatik. Erromako Eliza Katolikoarekin Espainiako Gobernuak 1953an sinaturiko konkordatuaren baitan, abadeentzako berez sorturiko munduko kartzela bakarra izan zen eta 1968. Urtetik 1976ra bitartean dozenaka apaiz izan ziren bertan, gehienak euskaldunak.

Dokumentalak, Euskal Herrian estreinaldi komertziala egin ondoren, Edinburgora bidaiatuko du abendu honetan, pandemiaren ondorioz iaz bertan behera geratu zen Close: Up Edinburgh Docufest jaialdian aurkezteko. Gainera, Venezuelan egiten den Giza Eskubideen Nazioarteko zinema jaialdian ere hartuko du parte.

Alberto Gabikagojeaskoa lehen apaiz presoa, Jon Etxabe, Josu Naberan, Xabier Amuriza, Juan Mari Zulaika, Juan Mari Arregi eta orduko beste protagonista askoren ahotsa jasotzen du filmak, haietako zenbait, gainera, Zamorako kartzela zaharraren hormak gurutzatu dituzte berriz, dokumentala grabatzeko.

Hasieran, anonimotasuna mantendu nahi duen apaizetako baten eskuak ageri dira, garai haietan grabaturiko irudi batzuetan: “Eskua soilik erakusteak botere metaforiko handia ematen dio apaiz guztien eskabideari, kontraesankorra badirudi ere, erakusten ez denak indar handiagoa lortzen duelarik”, idatzi du Zinea.eus-eko kritikan Txomin Lasak. Estetika eta politika, biak kontu bera direla adierazten du horrek, bere esanetan.

Abadeei eskertza

Dokumentala estreinatzearekin batera, “Gogor” izeneko taldean bildutako abadeek egindakoa gogoratu eta eskertzeko ekimenak ere izan dira –besteak beste, 1968ko Derioko Seminarioko eta Bilboko Gotzaindegiko itxialdi sonatuak burutu zituzten–. 2019ko abenduan, Durangoko Azokako Irudienean omenaldia jaso zuten, Apaiz kartzela-ren “work in progress” emanaldian.

Orain, berriz, kristau kolektiboak izan dira haien borroka aitortzeko beharra azaldu dutenak. Herria 2000 Elizak, Kristau Elkarte Herritarrak eta Euskal Herriko Apaiz Koordinakundeak oharra kaleratu dute: “Gogor taldeak benetako euskal teologia narratibo subertsiboa gauzatu zuen”, diote, eta horren ordaina izan zen urtetan iraun zuen kartzelaratze “doilor eta umiliagarria”. Horregatik guztiagatik eskertu nahi dituzte elizaren inguruko kolektibo horiek apaiz antifrankistak: “Haiekin eta biktima guztiekin konprometituta sentitzen gara, euskal Elizatik, memoriaren, askatasunareen eta justizian oinarritutako bakearen alde”.