Harridura handiz irakurri ditut Kzysztof Charamsa erlijioso poloniar homosexualari buruz botatako berriak. Nire zalantzak ditut jazotakoari buruz, hedabideak apaiz ohiaren istorioa modu zuzenean juzgatzen ari ote diren.
Testualki dakart katiximak homosexualei buruz esaten duena (2.358. artikulua): “Gizon-emakume kopuru handi batek tendentzia homosexual instintiboak ditu, ez hautatuak. Errespetuz, errukiz eta tentuz hartu behar ditugu pertsona hauek. Eurekiko diskriminazio bidegabe oro gaitzetsi egingo da, euren bizitzan Jainkoaren borondatea betetzera deituak daudelarik”.
Charamsak bere tendentzia hautatu ote zuen, hari galdetu ezean, ezin jakin. Jakin badakidana, eta ziur, zera da: bere kabuz erabaki zuela apez izatea, zelibatuan bizitzeko eta arimak Jainkoari gerturatzeko, azken bolada honetan egin ez badu ere: bere kondizio sexuala oihukatzen ibiltzeaz beste –2.358. artikulura joanda inolako garrantzirik ez duena–, bere egunean hitz emandako boto guztiak hautsi egin ditu, eta Vatikanoa bortxatu bere ekintza ongi ikustera. Betebeharrekin eta konpromiso egiazkoarekin zerikusia duen arazoaz ari gara, eta ez Elizaren atzera-aurrerakoikeriei buruz (medio askok gehienbat hartu duten interpretazio okerra).
Charamsa ez zen apaiz egin bikote izateko, eta nahi izanez gero, zilegi zuen, edo apaiz ez sartzea, edo sotana armairuan sartuta, bera bertotik lasai asko irten eta, tentuaren ganoraz, bere bizitza berrastea. Baina horrekin ez konforme, Vatikanoak bera bota duela dio.
Kritikak gainera ez ditu edonoiz egin: familiaren sinodoa hasi baino egun bat lehenago bota zuten medioek lehergailua. Eta familiak, instituzio bezala, aski zaizkio jasotzen dituen bonbak.
Charamsak ezin du eskatu Elizak homosexualei maitasunik eman diezaien, sinpleki katiximan garbi jasota dagoelako aspaldi. Beste gauza bat da gay lobbya (eta bidenabar, hainbat katoliko) horretaz ez jabetu izana. Apaiz ohiak aukera zuen sinodoa eta Aita Santua kaltetzeko, eta ondo hasi du gerra.