Eskoriatza-Arlaban zatian 17,1 milioi euro ordaindu ziren egin gabeko lanengatik, foru erakundearen arabera. “Diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik Gipuzkoan inoiz egin den salaketa larriena da”, esan du Larraitz Ugarte Bide Azpiegituretako diputatuak.
Gipuzkoako Aldundiak beste fronte bat ireki du Bidegi auzian, AP-1 autobideko beste zati bateko obretan ere irregulartasun larriak atzeman ondoren. Eskoriatza-Arlaban tartean dagoen Isuskitzako tunelean, altzairuzko zuntzetan eta hormigoian erabilitakoa baino 8,3 milioi euro gehiago ordaindu ziren, Aldundiaren esanetan.
Horrez gain, duela gutxi salatu zuten Arabako obrei zegokion zati bat ordaindu zuela Bidegik, 10,1 milioi euro. Hori ere eramango du epaitegira. Kopuru horretatik 1,3 milioi Isuskitzako tuneleko hormigoiarekin egin gabeko lanetan daude apuntatuta. Beraz, 17,1 milioi euroko iruzurra salatuko du Gipuzkoako Aldundiak.
Atzemateko zailak
Ugartek nabarmendu du ikerketa espezifikorik egin izan ez balute ez luketela lortuko ustezko desfase horiek atzematea. Altzairuaren kasuan, esaterako, tunel osoan jarrita balego bezala ordaindu zen, baina Ingeotyc enpresak ikuskatu duenez %43an baino ez dago.
Kasu honetan hiru pertsona inputatzeko eskatuko du Aldundiak: Bidegiko zuzendari tekniko ohia eta Aldi Baterako Enpresa Batasunaren eta Obra zuzendaritzaren arduradunak. Ugartek azaldu duenez, ez dute baztertzen arduradun politikoen kontrako neurriak ere hartzea. Arabako zatiari zegozkion ordainketen inguruko salaketa egiterakoan, hainbat ordezkari politikok sinatutako akta erakutsi zuen Aldundiak, tartean zeuden Eneko Goia Bide Azpiegituretako diputatu ohi eta gaur egungo Donostiako alkategaia edota Felix Urkola jeltzaleen Lazkaoko alkategaia.
Bidegi auzian jadanik 30 milioi euro inguruko zuloa salatu du Gipuzkoako Aldundiak. Arrasate-Eskoriatza zatian jarrita duen beste kereila 13,6 milioi eurora zabaltzea onartu zuen Azpeitiko epaitegiak eta hiru lagun daude inputatuta.