argia.eus
INPRIMATU
AP-1eko Arabako lanak Gipuzkoako Aldundiak ere ordaindu zituela salatu dute
  • AP-1 autobidearen lanetan beste hamar milioi euroko irregulartasuna aurkitu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Zehazki, Eskoriatza-Arlaban tarteko lanetan Arabako zatiarengatik ere Gipuzkoako Diputazioak ordaindu zuela uste du Bide Azpiegituretako diputatu Larraitz Ugartek prentsa aurrean azaldu duenez.

Igor Agirre @igoragirre 2015eko apirilaren 27a
Arabako Aldundiak lanak ordaindu zituela jartzen duen aktaren irudia. (Irudia: gipuzkoaberri.net).

Arabako zatiaren kostua, ordea, Arabako Aldundiak ordaindu zuen 2009an eta hori berretsi du Ugartek. Bere aburuz, garai horretan EAJ buru zuen Diputazioak “puztu egin zuen ordaindu beharrekoa, enpresei gehiago ordaintzeko”.

Guztira 1.300 metro dira Arabakoak tarte horretan. Lanak batera egiteko akordioa sinatu zuten lurralde bakoitzean autopistak kudeatzen dituzten Bidegi eta Arabat elkarte publikoek. Bidegik hartu zituen bere gain obrak eta Arabatek bere zatiarengatik ordaindu behar zuen. Euroestudios enpresak egindako lanen obra zuzendaritzak 36,3 milioi eurotan finkatu zuen Arabako zatiaren kostua.

Hori izan zen Arabako Aldundiak ordaindu zuena, obren ikuskaritzarako sortutako komisioaren disoluzio aktan(PDF) jartzen duenaren arabera. Akta horren sinatzaile dira Bide Azpiegituretarako eta gaur egungo EAJren Donostiako alkategai Eneko Goia, Errepide zuzendari ohi Luis Mari Apraiz, Bidegiko zuzendari orokor ohi Borja Jauregi eta Kudeaketa eta Planifikazioko zuzendari ohi eta gaur egungo EAJren Lazkaoko alkategai Felix Urkola.

Ondoren, Bidegik 40,7 milioi euro ordaindu zituen Gipuzkoako zatiarengatik. Ugartek salatu duenez, Diputazioak kopuru hori aztertu eta horietatik hamar milioi Arabako zatiko lanei dagozkiela ondorioztatu du.