Protesta horren bidez irudikatu nahi izan dute “bizitzen aurka” egiten duen “sistema gelditzeko beharra”. Abenduaren 1ean sindikatuek deitutako pentsio eta lan baldintza duinen aldeko manifestazioekin bat egiten dutela aldarrikatu dute.
Asteazken goizean Ernai gazte antolakundeko kideek AP-1 errepidea moztu dute, Eskoriatza ondoko Agozibar zatian. Ekintza hori baliatu dute gazteen “etengabeko prekarizazioa” salatzeko eta “bizitza duinen alde” egiteko: “Ekimenaren bidez etengabean kolpatzen gaituen sistema gelditzeko beharra irudikatu nahi izan dugu”. Aldarrikatu dute “kaleak hartu beharrean” daudela “bizimodu duinak eraikitzeko”. Ernaik nabarmendu du, egun, gazteei “etorkizun eza” eskaintzen zaiela, eta “prekarizazioan murgilduta” daudela: “Ez dugu enplegu duinik, ez emantzipatzeko eskubiderik, ez ikasketak modu duin eta doakoan egiteko aukerarik ere”, gaitzetsi dute.
“Ezinegon” horrekin lotu dute gazteen buru osasuneko arazoen gorakada, eta euskal instituzioei galdegin diete “gazteen ondoeza” kontuan har dezaten eta “gizarteko arazotzat” har dezaten. Sistemak “bizitzen aurka” egiten duela kritikatu eta “errotiko aldaketak” egiteko beharra azpimarratu dute, “datorren krisi sozialari, ekologikoari, ekonomikoari… aurre egiteko”.
Ernaiko kideek ziurtatu dute gazteak Euskal Herriko “eraldaketaren motore” izango direla, mugimendu sozialetan, auzoetan, herrietan, gazte mugimenduetan, baita abenduaren 1eko mobilizazioetan ere. Hain zuzen, bat egin dute lan, pentsio eta bizi baldintza duinen alde hainbat sindikatuk (ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde, Hiru, CGT eta CNT) deitutako manifestazioekin.
Larrialditik ? duintasunera.
Gazteon bizitzen aurka egiten duen sistema irauli behar dugu.
Bizitzak erdigunean jarri eta bizitza duinak eraikiko dituen Euskal Herrira bidean, lanean jarraituko dugu gazteok ?
Duintasuna dugu irabazteko! pic.twitter.com/cKa6dUpcm1
— Ernai (@ernaigazte) December 1, 2021
Gabonetako argiak itzali dituzte
Beste ekintza bat ere egin du gazte antolakundeak, argiaren garestitzea salatzeko. Bilboko Ernaik Areatzako gabonetako argiak itzali ditu astearte gauean. Ohar batean azpimarratu dute argindarraren prezioa iaz baino sei aldiz garestiagoa dela eta, ondorioz, langile klasea “pobrezia energetikora eta prekarietate gordinera kondenatuta” dagoela. Argindarraren gisako oinarrizko eskubide baten kontura “negozioa” egitea gaitzetsi dute: “Elite politiko eta ekonomikoek oinarrizko bizi bazldintzak bermatzeko funtsekoa den sektorea liberalizatzeko erabakien ondorioak pairatzen ari gara gaur egun”.
Bilboko alkateari aurpegiratu diote “herritarren muturreko prekarizazioa” gabonetako argien artean “ezkutatu” eta Bilbo “kontsumo basatirako eskaparate” bihurtu nahi izatea. Sektore elektrikoa publifikatzea eskatu dute: “Paripe gutxiago eta berme sozial gehiago”.
Lan baldintzen kaxkartzearen eta sektore publikoaren ahultzearen ondorioz gazte eta langileon bizitzen gaineko prekarizazioa abiada bizian azeleratzen ari da. pic.twitter.com/mDJxJNEUyl
— Ernai Bilbo (@ErnaiBilbo) November 30, 2021