Koronabirusaren izurriteari aurre egiteko hetsirik segitzen dute Ipar Euskal Herriko eta orokorkiago Frantziako kulturguneek. Gune hauen irekitzea eskatzeko –beti ere osasun neurriak errespetatuz–, antzokien okupazioak loratuz doaz: 60 bat antzoki dituzte une honetan okupaturik.
Martxoaren 4ean Parisko Odeon antzokitik abiaturik, antzokien okupazioaren mugimendua hedatuz eta azkartuz doa egunez egun, Frantzia izendaturiko lurraldean. Kulturguneen itxierarekin bukatzea nahi dute mobilizaturik diren artista, teknikari eta arte eskoletan diren ikasleek. Une honetan 60 bat kulturgune dira okupaturik. Ikusgarrien arloan dabilen CGT sindikatuak abiatu zuen mugimendua hilabete hastapenean, eta orduz geroztik, ehunka norbanako batu dira protestari. Orokorrean antzokietako zuzendaritzaren sostengua dute okupatzaileek.
Ondoko bideoaren bidez zabaldu zuten okupaziorako deia, kulturaren aldeko aldarriaz gain, orokorki bizitza eta zerbitzu publiko duinen aldeko mezua plazaratuz:
Appel de l'#OccupationOdeon
à diffuser à tous, pour multiplier les initiatives, partout en France avec les #intermittents du spectacle et les #intermittentsdelemploi pic.twitter.com/IPEMPdWj60
— Compagnie Jolie Mome (@CieJolieMome) March 11, 2021
Hain zuzen, langabeziaren aseguruaren erreformaren aurkako irakurketa egiten dute, "prekarioak are prekarioago bihurtuko dituen erreforma" delako. Intermitenteen eskubideen bermatzea ere eskatzen diote gobernuari, eta orokorki kulturaren sektorea sostengatzeko plan orokor bat.
Ondoko bideoan adibidez, Lavaleko antzokiaren okupazio hastapenaren unea:
Occupation du Théâtre de #Laval#TheatresOccupes#rendsnouslartjean pic.twitter.com/qcqmOUUe1k
— Talijanska (@Talijanska3) March 17, 2021
Koronabirusari aurre egiteko, iazko martxoaz geroztik ia etenik gabe hetsirik ditugu antzoki zein kontzertu gelak Ipar Euskal Herrian, eta orokorkiago Frantzia mailan –udan zehar baldintza oso zorrotz batzuei segi ireki zituzten–. Urrian jarri zuen bigarren konfinamendua Frantziako Gobernuak, aktibitate ekonomikoek aurrera egiteko lehentasun argia planteatuz. Kulturaren sektoreko aktibitateak "ez-beharrezko" definiturik, hetsirik mantendu zituen antzoki, opera, kontzertu gela zein museoak. Artistak zein sektore honetako teknikariak kezkaturik eta haserre dira aspaldian, kulturari agintariek dioten aitortza eskasagatik.
Mobilizazioan urrats berri bat gehiturik, Antzokien Batzar Orokorra antolaturik dute martxoaren 26rako. Bestalde, herritarrei ere eskatzen diete bat egitea mobilizazioekin, kultura "guztien ardura" delako. Maulen berriz, martxoaren 20an dira mobilizatuko, "kultura baztertu izana" salatzeko.