argia.eus
INPRIMATU
Antzingo ikastetxea berpiztu duen jangela proiektua, kolokan
  • Herri txikia da Antzin, eta bertako ikastetxea berpizteko bi faktore izan dira funtsezko: D eredua ezartzea eta jantoki zerbitzua bermatzea. Guraso elkarteak kudeatzen du jantokia eta hiru emakumek egiten dute lan bertan, elikadura bertakoa, ekologikoa eta kalitatezkoa eskainiz, “jangela ere proiektu pedagogiko” bihurtuta. Baina proiektuak ez du lekurik zerbitzua esleitzeko Nafarroako Gobernuaren lehiaketan.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko martxoaren 16a
Lacasadelbosque

Lokiz eskola publikoa 14 ikasle izatetik kasik 50 izatera igaro da hiru urtetan, guraso eta hezitzaileen inplikazioari esker lortu dutelako bertako familiek ez bidaltzea seme-alabak hiri handiagoetara ikastera. Euskaraz D ereduan ikasteko aukera jartzeaz gain, jantokia eskaintzen du orain ikastetxeak. Hasieran, Nafarroako Hezkuntza departamentuak catering-enpresa bat azpikontratatzea erabaki zuen, baina eskolan ikusi zuten ez dela bideragarria, otordu gutxi direlako horrelako enpresa batentzat. Eta jantoki proiektua sortu zuten, guraso elkarteak kudeaketa bere gain hartuta.

Gaur egun, tokiko produktua, ekologikoa eta jasangarria oinarri, 34 ikasleri jaten ematen die jantokiak eta hiru emakumerentzako lanpostuak sortu ditu, “jendea despopulatzeko arriskuan dagoen landa-eremu batean”.

Hiru urtetan lorpen handiak frogatu dituen proiektua

Arazoa da, ordea, jantoki zerbitzua esleitzeko Nafarroako Gobernuak duen lizitazio eskaeran ezin dutela frogatu kaudimen teknikoa, ez ekonomikoa, ez esleipedun izateko behar den entitate juridiko mota. “Baina hiru urte hauetan frogatu da, kostu ekonomiko txikiagoarekin batera, produktu kalitate osasungarria baino gehiago eskaintzen dela gurean. Gure jangela zerbitzuak, lizitazioak eskatzen dituen kalitate eta jasangarritasun eskakizunak betetzeaz gain, gastua zuzenean tokiko ekoizleei, produktu ekologikoei, landa-eremuetako emakume langileei eta hezkuntza kalitateari itzultzen zaie”.

Horregatik guztiagatik, proiektuari eutsi ahal izatea eskatzen dute Antzingo gurasoek, ikusten dutelako Gobernuak eskatutako baldintzek “ez dietela uzten eskualdean jarduera ekonomikoak dituzten enpresa txikiei lizitazioa egiten, eta ez diotela aukerarik uzten urte hauetan Antzingo Lokiz ikastetxeko jantokian eraiki den proiektuari”.