argia.eus
INPRIMATU
Antzinako hazi eta frutarbola barietateak berreskuratzen ari dira Arakilen
  • Arakilgo Udalak eta Arrea Agroekologia Elkarteak bailarako bioaniztasuna babestu eta berreskuratzeko proiektua abiatu dute urte honetan. Tokiko landare eta frutarbolen haziak biltzen ari dira, hazi horiek berriz bailaran erabiltzen hasi eta zabaltzeko.

Garazi Zabaleta 2020ko uztailaren 23a
San Joan udareak.

Tokiko nekazaritza sustatu eta elikadura eredu iraunkor baterantz pausoak emateko apustuaren baitan abiatu du proiektu hau Udalak. “Ideia ez da barietateak berreskuratzea museoan egon daitezen, baizik eta horiek berriro erabiltzen hastea, eta bioaniztasuna berreskuratzea”, azaldu digu Ester Montero Arrea elkarteko kideak.

Hazien eta frutarbolen bilketa

Arakilgo 12 herrietako jendearekin zuzenean elkartuz lortu dituzte bailarako antzinako hazi barietate zenbait. “Hasieran gehienek ezer ez daukatela diote, baina gero hasten dira gogoratzen bazegoela beraien etxe ondoan ez dakit zein frutarbola zahar, edo bizilagun batek bazituela antzinako haziak…”. Frutarbola asko ari dira biltzen, Monterok dioenez: horietako asko erdi utzita zeuden, zaintzen zituzten pertsonak hil ondoren garrantzia handiegirik eman ez zitzaielako.

Landare eta frutarbolen haziak biltzeaz gain, horien maneiuarekin lotutako ezagutza eta ohiturak ere jaso nahi dituzte proiektuan. “Haziak ez dira ondare genetiko eta ekologikoa soilik, ondare kulturala ere badira: nekazaritza kulturaren eta gastronomiaren parte dela ahazten dugu maiz”. Eskualdean zuzeneko hartu-emanetik lortzen ari diren haziez gain, lehenagotik zentro publikoetan gordeta eta eskualdean desagertuta zeuden bertako haziak ere hitzarmen bidez eskuratzen ari dira, horiek biderkatu eta berriz erabiltzen hasteko.

Boluntario bila

Biltzen eta berreskuratzen dituzten hazi eta frutarbolekin katalogo bat eginen du elkarteak, ondare hori herritarrei ezagutarazteko. “Lursail eta baserrietan haziok biderkatzen ari dira honezkero zenbait boluntario, eta aurrera begira horretarako konpromisoa hartuko duen jende gehiagoren bila gabiltza”. Hainbat formazio saio eta tailer eginen dituzte haziak biderkatzeko eta frutarbolen txertaketak nola egin ikasteko. “Desagertzetik libratu nahi ditugu Arakilgo antzinako barietateok, barietate komertzialen ondoan ez baitute inongo inbidiarik: ez zapore aldetik, ezta ingurura egokitzeko duten ahalmenaren aldetik”.