argia.eus
INPRIMATU
Antzinako 78 hazi berreskuratu dituzte Nafarroan: tartean, “melona”
  • Nafarroako hainbat udalerritako 50 familiak baino gehiagok hazi espezieak kontserbatu dituzte eta hauetatik 78 berreskuratu dira Sartagudan eta Donezteben dauden etxalde esperimentaletan, INTIA sozietate publikoaren klima aldaketaren aurkako proiektu baten barnean. Besteen artean, "melona" berreskuratu dute, Erriberan desagertzear zen sandia modukoa.

ARGIA @argia 2021eko azaroaren 09a
Nafarroako Erriberan landatzen zen eta berreskuratu duten \"melonaren\" mamia eta haziak. Argazkia: INTIA.

2018an hasi zen INTIA antzinako haziak berreskuratzen. Kasu esanguratsuena "melona"-rena da: duela urte asko utzi zioten Nafarroan landatzeari, baina Erriberako Murillo El Fruto herrian hazten jarraitu zuen eta Uxuen bizi zen pertsona batek lagundu zuen espezie berezi horren hazi zaharrak berreskuratzen. Sartagudako INTIAren etxaldean hazi horiek biderkatu dituzte eta horrela, ia desagertzear zegoen espezie horren jarraipena bermatu da.

Melona, Kukurbitazeoen familiako sandia modukoa da. INTIAk jaso dituen testigantzen arabera, “sandia-mota hori oso ohikoa zen Erriberako herri askotan ereitea, eta ohikoa zen etxe askotan egindako gozokia jatea”. Haien kontsumoa 70eko hamarkadaren hasieran desagertu omen zen, eta ia gaur egun ez da landatzen.

 

 

 

Melona urri aldera biltzen da. Argazkia: INTIA.

 

 

 

Melona: hazi berde ilunak dituen sandia

Maiatzean landatzen da melona. Kanpaina honetako haziaren ugaltze-fasean, izurriterik eta gaixotasunik gabe garatu ahal izan dute melona. Kukurbitazeo guztiek bezala, landare herrestaria dira, eta 10 kilo baino gehiago izatera irits daitezkeen fruitu handiak ekoizten dituzte. Kolore berde argikoa du, kanpotik nahiko gogorra, eta gehiegi heltzen denean, horitu egiten da eta barrualdea berehala galtzen da. Espezie honen bilketa urria inguruan egiten da. Baina freskoan kontsumitzeko ez da hain gustagarria: bere haragiak ez du zaporerik eta, beraz, gozogintzan bakarrik erabiltzen dira, gozokiak egiteko.

Bere haziak berde ilunak dira, eta horri esker bereizten da sandia tradizionaletatik. INTIAk jakinarazi duenez, hazi horiek landu eta haien jarraipena bermatu nahi duten pertsonentzat, behar adina gordetzen dira Aragoiko Nekazaritzako Elikagaien Ikerketa eta Teknologia Zentroko (BGHZ – CITA) barazki-espezieen Germoplasmako Bankuan, Zaragozan hain zuzen ere.