Antzerkiak zein toki du Ziburuko euskal liburu eta azokaren gisako erakusleiho batean? Edo, beste era batera esanda, antzerkiak zenbat du literaturatik? Galdera hori izan dute abiapuntu Daniel Landart eta Arantxa Hirigoienek azokaren irekitze ekitaldiko Zubiburu mahai inguruan. Ordu erdi pasaz solastatu dira antzerkiaz, antzerkiaren soiltasunaz, aktore amateur eta profesionalen arteko orekaz, Bidasoaz gaindi aritzearen premiaz, euskal antzerkigintzaren bilakaeraz...
20 urtez egin du lan antzerkian Daniel Landartek. Gazte-gaztetatik hasi zen irakurtzen, eta eskribitu ere idazki mordoxka bat egin ditu, literatura zabalean, eta antzerkira zuzendu dira obra asko. “Lehen ere guti irakurtzen zen eta orain ere bai”, esan du Landartek, mikroa eskuetan hartu eta mintzatzen hasi orduko: “Horregatik, antzerkiak balio du horretara gerturatzeko”. Alegia, irakurriko ez duenarengana heltzeko. Landarten hitzei zera gehitu die Arantxa Hirigoien antzezleak: “Antzerkia eta literatura estuki lotuak dira, ahozkotasunean hartzen baitu forma, eta antzerkia ahozko literatura da”.
Ahozkoa, baina, ez da sarri idatzizkora ekartzen, nahiz jatorriz idatzia izan. Antzerki-obrak liburura ekarri arren, teorizazio jasorik gutxi duen diziplina artistikoa da euskarazko antzerkia. Landartek ez du uste problema denik, "gazteek egingo duzue hori" esan du, eta oinarrira jo nahi izan du: "Antzerkia emana izateko da, horrela ulertzen dut, ez apaletan gordetzeko".
Hirigoienek eta Axut! kolektiboko kideek maiatzaren 31n estreinatu dute Lurrez estali antzezlana, Izuran. Hasi aurretik ja saio guztietarako sarrerak amaituta zeuden. Poztekoa zentzu horretan, euskal antzerkiak bizi-bizi jarraitzen duelako, baina Hirigoienek azpimarratu duen gisara, mamiari erreparatu behar zaio: Lurrez estali antzezlanak laborantzaren tragedia kontatzen du, hiritik baserrira doazenen bizipenak, poltsa bete diru duten aberaskumeak... Imajina daitezkeen kontuak, errealistak, umore puntutik kontatuak.
Arantxa Hirigoien: "Gure historia eta istorioak kontatzeko balio du antzerkiak"
Benetako bizipenak, eta halako tragedia bat, zergatik kontatu antzerki eran? Hirigoienek argi du: “Funtzio soziala du antzerkiak, gure historia eta istorioak kontatzekoa, eta aldarrikapen tresna bat ere izan daiteke. Gure herriko historia kontatu nahi dugu, guk geurea eta geure maneran”.
Hona Landartek erantsi diona: “1965era arte ez genion antzerkia deitzen, baizik eta komedia, frantsesen eraginez, irri egiteko zerbait zelako. Baina antzerki herrikoiaren funtzioa bestelakoa da: liluramendu batean sartzea, baina gaurko ideiak, geureak, geuk jostatzea”.
Funtzioa ez da aldatu, baina bidea urratsez urrats egin da. 1967an Antzerkilarien Biltzarra sortu zuten Landartek eta enparauek, eta 1977an estreinako Euskal Antzerki Taldeen Biltzarra egin. Mende berria heldu arte, problemak gainditzen joan ziren: “Oso zaila zen, belarriaren problema geneukan. Hegoaldeko taldeak Iparraldera ekarri eta hiru laurdena ez genien ulertzen. Azpeitian, gogoan dut, 1983an, geure obratik hitz bakarra ulertu zutela, latinez zelako. Zailtasunak genituen guztiok, eta euskara batuari esker erraztu da komunikazioa. Orain, hemengo talde bat mugi daiteke Euskal Herri osoan”.