argia.eus
INPRIMATU
Antxon Ezeiza zinemagilearen funtsa katalogatu du Euskadiko Filmategiak
  • Antxon Ezeiza zinemagile donostiarraren funts dokumentala, bibliografikoa eta grafikoa komunitate zientifikoaren eskura dago Euskadiko Filmategiaren artxiboan.

ARGIA @argia 2022ko uztailaren 06a
Antxon Ezeiza / Euskadiko Filmategia

Antxon Ezeiza (1935-2011) zinemagilearen alarguna zenak, Josefina Rubiok, Errenteria, Pasaia, Hernani eta Andoaingo Udalei oinordetzan utzi zien bere senarraren funtsa. 2020an udalek ondarea Euskadiko Filmategian uztea erabaki eta Filmategiarekin hitzarmen bat sinatu zuten. Hitzarmen horren arabera, Euskadiko Filmategiak material horiek modu egokian kontserbatzeaz gain, horien katalogazioa egiteko ardura ere badauka.

Filmategiak funtsa osatzen duen materiala jaso eta egokitutako artxiboetan gorde zituen. Gero, edukien inbentarioa eta katalogazioa egin zuen. Antxon Ezeiza Funtsa material bibliografikoz, zinematografikoz eta audioz osatuta dago. Material bibliografikoarekin 257 erregistro sortu dira: Ezeizak idatzitako gidoiak, sinopsiak, testuak, gutunak eta artikuluak badaude. Gehienak mekanografiatuak dira, baina badaude eskuz idatzitakoak ere. Halaber, gidoi berriak prestatzeko erabilitako materiala, oharrak eta ideia solteak ere aurki daitezke. Prentsa artikuluen artean, Antxon Ezeizari buruzko testuak daude, baita etorkizuneko proiektuak lantzeko interesgarritzat jotzen zituenak ere. Bestalde, 51 audio zinta magnetiko daude funts honetan. Zinta guztiak Eresbilek (Musikaren Euskal Artxiboak) digitalizatu ditu, eta gehienak Ikuska saileko filmetako elkarrizketen audioek osatzen dute. Azkenik, sei Super-8 bobina daude, guztiak Ikuska sailaren filmetako irudiekin eta baztertutako eszenekin.

Donostia Zinemaldiak eta Elias Querejeta Zinema Eskolak parte hartu dute Filmategiak Ezeiza Funtsa modu bateratuan gorde ahal izateko egin diren gestioetan. Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariaren hitzetan, “Ezeiza zinemagile, teoriko eta gure zinemagintzaren bultzatzaile izateak duen garrantzia kontuan hartuta, funts hori osatzen duten lehen mailako iturriak ikertzaileentzat eskuragarri jartzea urrats garrantzitsua da euskal zinemaren historia hobeto ezagutzeko. Euskal ondare zinematografikoa babesteko erakundeen arteko lankidetzaren adibide ona ere bada”.

Euskadiko Filmategiaren egoitzan kontsulta daiteke dagoeneko Antxon Ezeiza Funtsa, aldez aurretik hitzordua eskatuz.