“Emakumeen Ahotsa” proiektua abian jartzeko Europako diru-laguntzak eskatu dizkio Antxeta Irratiak Frantziako Gazte Sailari. Laguntzak kudeatzen dituen agentziak erantzun dio egitasmoak ez duela Europako dimentsiorik, euskara hutsean ari dela.
Berria egunkariak jaso duenez, agentziak irratiari adierazi dio “euskararen erabilera esklusiboak eta kide gehiagoren faltak Europako dimentsioa hutsean uzten duela”.
Europako Batasunak Jeunesse en Action (Gazteak martxan) egitasmoa dauka eta Frantziako Gazte Sailaren esanetara dagoen agentzia batek kudeatzen ditu horretarako diru-laguntzak. Antxetak emakume gazteak bildu nahi zituen, formazio ikastaroak eskaini, eta ondoren irratsaioa abian jarri.
Irratiak helegitea aurkeztuko du Frantziako agentzian eta Europan parlamentari diren Alain Lamasoure (UMP), Izaskun Bilbao (EAJ) eta Inaki Irazabalbeitiari (Aralar) babesa eskatu diete.
Irazabalbeitiak eta Bilbaok galdera erregistratu dute Europako Legebiltzarrean. Jakin nahi dute ea arrazoizkoa den hizkuntza gutxituan eta mugaz gaindiko irratia izaki (Hendaia, Irun, Biriatu, Pausu eta Hondarribian entzuten da) Antxetak laguntzarik ez jasotzea. Galdetu dute halako irrati batek Europako dimentsiorik ez al duen.
UMPko ordezkariaren erantzunaren zain daude.