argia.eus
INPRIMATU
Antxeta Irratiak 15 urte bete ditu “uhinak orrazten”
  • Behe Bidasoako Antxeta Irratiak 15 urte bete ditu. Mahai-inguruak, topaketa gastronomikoak, euskararen aldeko bestak eta gisakoak antolatu dituzte urteurrena ospatzeko. “Uhinak orrazten” lema aukeratu dute, beren esanetan, hori baita irratiaren eguneroko erronka, “uhinen bidez, eskualdea orraztea”. Urtarrilean hasi zituzten ospakizunak, eta ekainera arte jarraituko dute.

Iker OƱate Aiastui @iker_onate 2016ko otsailaren 18a
Hedabide komunitarioa da Antxeta Irratia. (Arg: Argia)

Irratia 2001. urteko otsailaren 18an jarri zen martxan, Pausumedia eta Entzun Ikus elkarteen ekimenez. Eskualdea euskalduntzea zen proiektu berriaren asmoa eta hedabide komunitario bat sortzea erabaki zuten horretarako, “komunitatearekin eta komunitatearen zerbitzura lan egiten duen irratia”. Irratiak ekimen ugari antolatu izan ditu langabetu, etorkin eta gizarte zentroekin elkarlanean.

Komunikabidearen jarduera ez da informazioa hedatzera mugatzen, Antxeta Irratia eragile ere badela adierazi dute kideek. Eskualdea saretzea, euskararen aldeko normalkuntzan jardutea, berdintasunaren arloa elikatzea eta etorkinen integrazioa sustatzea dira irratiaren zereginaren oinarri. Elkarlana bultzatzen du eskualdeko gizarte eragile eta mugimenduekin, eta zenbait irratsaiotan parte hartzeko aukera eskaintzen zaie horiei. Hor daude Bilgune Feminista, eskualdeko barazki-kooperatiba edota gay eta lesbianen elkartea, besteak beste.

Antxeta Irratiak beste zenbait hedabiderekin jarduten du elkarlanean, Arrosa Irrati Sareko, Euskal Irratiak elkarteko eta AMARCeko (Irrati Komunitarioen Munduko Elkartea) kide den aldetik. “Irrati komunitario gisa ibilbide oparoa betea du jada Antxeta Irratiak, baina bide luzea du egiteko oraindik ere”, adierazi dute.