argia.eus
INPRIMATU
Antton Troitiño Auzitegi Nazionaletik igaro da eta espetxeratu egin dute
  • Antton Troitiño gaur pasa da Auzitegi Nazionaletik José De la Mata epailearen aurrean deklaratzera, eta berriz espetxera bidali dute. Pasa den ostiralean Espainiaratu zuten.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko maiatzaren 08a
Troitiño Londreseko irudi batean.

Goizeko 9:30ean zegoen aurreikusita adierazpena. Naiz-ek eman duen albistearen arabera “antolakunde terroristako kide” izatea leporatzen diote. Donostiarrak hamar minutu egon da epailearen aurrean, eta ez du deklaraziorik egin.

Troitiño maiatzaren 5ean, aurreko ostiralean Espainiaratu zuten Londresetik, eta ordutik Soto del Realgo kartzelan egon da. Apirilaren 28an onartu zuen Erresuma Batuak Troitiño Espainiaren esku uztea. Estradizioaren kontra jarritako helegitean, defentsak adierazi zuen Londresek ez zuela erabaki Troitiñok egindako asilo eskaeraren inguruan. Epaileak, baina, erabaki hori ez hartu izana argudiatu zuen presoa Espainiaratzeko arrazoi gisa.

ETAko kide izateagatik 24 urte eman zituen preso Troitiñok. Zigorra osorik beteta 2011ko apirilean geratu zen aske. Kartzelatik aterata, ihes egin zuen Auzitegi Nazionalak Parot doktrina aplikatuko ziolakoan. Ordutik, bi estradizio eskaera bota ditu atzera Londresek, baino azkena betetzea erabaki du. 2016ko abenduan atxilotu zuten eta ordutik preso egon da Erresuma Batuan.