argia.eus
INPRIMATU
Antton Lopezek eta Jose Migel Latasak akusazioa ukatu dute Auzitegi Nazionalean
  • Fiskaltzak 66 urteko espetxe zigorra eskatu du Lopez eta Latasarentzat, 1986ko kausa baten harira. Ostegunean deklaratu dute biek Madrilen.

Urola Kostako Hitza @ukhitza Dorleta Agiriano Lai 2020ko urriaren 09a
Antton Lopez Zarauzko ekitaldi batean aurten. Argazkia: Zarauzko Hitza

Antton Lopez Kubati Zarauzko bizilagunak ostegunean deklaratu behar izan du Espainiako Auzitegi Nazionalean, Jose Miguel Latasarekin batera. 1986ko auzi bategatik zitatu dituzte biak: Aretxabaletako polizia etxe baten aurkako ekintzan parte hartzea egotzi diete, eta horregatik, 66 urteko kartzela zigorra eskatu du bakoitzarentzat fiskaltzak.

Lopezek nahiz Latasak ukatu egin dute akusazioa, eta adierazi dute ez zutela parte hartu haiei leporatzen zaien atentatuan. Lopezek gogorarazi du gau horretan Ordizian egin zuela ekintza bat bera kide zen komandoak (Goierri Kosta modura ezaguna dena), Aretxabaletakoa baino ordu batzuk lehenago. Fiskalaren nahiz abokatuen galderei erantzun die.

Kubati 2013. urtean geratu zen aske, 26 urteko espetxealdia osorik beteta. 2018an eta aurtengo urtarrilean atxilotu zuten, euskal preso politikoei egin zaizkien harrerekin lotuta.