argia.eus
INPRIMATU
Antsoaingo eskolak D ereduko laugarren lerroa eskatu dio Hezkuntza Departamenduari
  • Aurtengo matrikulazio kanpainan 78 familiek erabaki dute hiru urteko euren haurrak D ereduan matrikulatzea Ezkaba ikastetxean. Lau lerro ireki beharrean, ordea, Hezkuntza Sailak hiru sortu ditu.

ARGIA @argia 2017ko martxoaren 16a

Aurrematrikulazio datuak ikusita, bai familiek bai eskolak berak datorren ikasturtean hiru urteko kurtsoan 19-20 haurrez osatutako lau talde sortuko zirela uste zuten. Hezkuntza sailak, aldiz, 25 haurrez osatutako hiru talde aurreikusi ditu. Horren arabera, zozketaz erabakitako hiru haurrek inguruko beste eskola batzuetan ikasi beharko dute.

Antsoaingo (Nafarroa) Ezkaba ikastetxeko Eskola Kontseiluak desadostasuna erakutsi dio Hezkuntza Sailari eta laugarren lerroa onar dezala eskatu dio, eskolak horretarako baldintzak badituela argudiatuz.

Aldarrikapenari indarra emateko mobilizazio kanpaina deitu du Eskola Kontseiluak eta, besteak beste, ostiral honetan, hilak 17, bilkura egungo du Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren aurrean 13:30ean. Sinadura bilketa ere egiten ari dira eta gurasoen kanpaina #ezkaba4BAI traolan jarraitu daiteke Twitterren.

Sortzen Elkarteak sostengua eman dio Ezkaba ikastetxearen aldarrikapenari eta adierazi du “Hezkuntza Departamenduak erakutsitako jarrera merkantilistak talka egiten duela 25 urtez aldarrikatzen, eta egunero gauzatzeko borrokatzen, daramagun eskola publiko berriarekin”.