argia.eus
INPRIMATU
Antsietateari buruz...

Miren Albisu Hernández 2021eko martxoaren 23a

Gaur lortu dut etxetik ateratzea. Atzo ez. Eta ez nago ziur bihar lortuko ote dudan. Konfinamenduaren hasierarekin konfinatu nuen nik neure burua. Afaloste batean txakurra jaistera nindoala bortizki sentitu nuen antsietatearen sintoma agresiboenetariko bat, despertsonalizazioa.

Azkar igo nintzen etxera, anaiaren ondoan oheratu nintzen, nire pentsamenduekin hil ala biziko eztabaida batean erabat sartuta nengoen. Despertsonalizazioa sentitzen denean, pentsamendu bat da nagusi ia beti: erotasuna edo erokeria.

Definitzearren, kontziente izan gabe, antsietatearen maila oso altuak jasaten ditugunean, arraro senti gaitezke, gure bikoitz bat bezala, gu garena kanpotik ikusiko bagenu bezala, edo gure burua edo ingurukoak arrotz sentitzera iritsi momentu batzuetan ere: hori da despertsonalizazioa.

"Gaur lortu dut etxetik ateratzea. Atzo ez. Eta ez nago ziur bihar lortuko ote dudan. Konfinamenduaren hasierarekin konfinatu nuen nik neure burua"

Hau sentitu ondoren, uste dut bidezkoa dela norbere osasun mentala ez-baian jartzea. Hor hasten da guda. Ni eta nire pentsamenduak. Ustez, aurrekaririk gabe sortu zaigun sintoma jasangaitz hori berriz azaltzearen beldur bizitzen hasten garenean. Eta hor hasten da desoreka, fokua despertsonalizazioan jartzen dugunean. Orduan hasten gara dena ekiditen, denetik ihesi, “berriz sintoma hori azalduko bazait, ezin du jendaurrean izan, ezin du lanean izan, nik etxean egon behar dut despertsonalizazioa etortzen denerako”.

Despertsonalizazioa ez da ausazko zerbait. Gure emozioen kudeaketa okerrak eragin dezake. Gure erlazio pertsonalen ziurgabetasunak eragin dezake. Eta horrela, zerrenda luze bat. Horiek dira zalantzan jarri behar ditugunak, eta ez despertsonalizazioa bera. Sintomek, babesten gaituztela ulertu behar dugu, beldur handia diegun arren. Zerbait astunegia egitean ari zaigunaren seinale dira sintomak. Bizitza salbatzen digute.

Gaixotasun fisiko batekin konparaketa egiten badugu, sukarra izatea litzake sintoma, eta sukarra bera kezkagarria da baina inork ez du zalantzan jartzen sukarraren atzean dagoena bilatu behar dela, infekzio bat adibidez. Osasun mentalaren alorrean berdin, despertsonalizazioa sukarra litzateke eta infekzioa, erlazio ez-osasuntsu bat, ondo burutu gabeko dolu bat, eta abar.

Ni banago nire “infekzio propioa”-ren bila, eta asteroko terapia suposatzen dit. Astero lotura terapeutiko oso polita dudan profesional batekin nire barrena askatzea suposatzen du, nire deabruak poliki eta negar artean izendatzea dakar, niregan ikusi nahi ez dudan guztia zerrendatzea, izan nahi nuena eta iritsi ez dena gogoratzea, falta zaidan amaren hutsunea behin eta berriz bihotzera ekartzea da. Esandako guztiak, eta lotsarazten eta erruz betetzen nauten gauza asko, onartu, irauli eta maitasunez betetzea da terapia niretzat.