Antonio Turiel zientzialari eta ikertzaileak hitzaldia eman du maiatzaren 2an Donostiako Uliako Lore Baratzeetan, 300 lagunen aurrean. Ikusgai dago bideoan Energia berriztagarrien eta zentral eolikoen makro-proiektuak eztabaidagai hitzaldia. Datozen egunetan Euskal Herriko hainbat herritan emango du hitzaldia Turielek.
Energia berriztagarrien inguruan duen ikuspegi kritikoagatik eta egiten ari den dibulgazio lanagatik ezaguna da Antonio Turiel CSICeko zientzialari eta The Oil Crash blogaren sortzailea. Bere Petrokalipsia liburuak –berriki Txalaparta argitaletxeak euskaraz kalera emana– arrakasta izan du, zalantzan jartzen dituelako erregai fosilen inguruan dauden hainbat uste. Sin Energia liburuan, berriz, epe motzean energiaren arloan izango ditugun auzi eta gatazkak azaltzen saiatu da. Satorralaia, Haritzalde, Uliako Baratzak eta Ekologistak Martxanek antolatuta hitzaldia eman berri du Donostian eta bideo honetan ikusentzun daiteke:
Maiatzaren 3an Zumaian emango du hitzaldia Turielek. Piztu Kooperatiba S.-k antolatu du ekitaldi hau eta Aita Mari antzokian izango da, 18:00etan.
Maiatzaren 4an Azpeitian emango du hitzaldia. Eskualdeko talde ekologista eta mendi elkarteek antolatu dute, "101 arrazoi mendietan eolikorik ez eraikitzeko" ekimenaren baitan. Kasu honetan Antonio Aretxabala geologo eta ikerlariarekin batera emango du hitzaldia, eta Materialen eta energia krisia izango du goiburu. 19:00etan hasiko da, Soreasu antzokian.