argia.eus
INPRIMATU
Antonio Garamendi bizkaitarra, Espainiako patronaleko buru izateko kinieletan
  • Espainiako patronalaren (CEOE) presidente izateko hautagaiak abenduaren 5ean jakinaraziko dituzte. Antonio Garamendi getxotarrak zerrenda horretan agertzeko aukera asko ditu zenbait medioren arabera.

Nerea Ibarzabal Salegi 2014ko urriaren 29a
CEOEko egungo presidentearekin, Juan Rosellekin lehiatu beharko da Garamendi. (Arg: El Pais)

Garamendi CEOEko energia kontseiluko presidentea da egun, baita enpresa txiki eta ertainen konfederazioko (Cepyme) presidenteordea ere.

Espainiako metalaren enpresen konfederazioko (Confemetal) diruzaintzaz ere arduratzen da. Astearte honetan Confemetaleko kide gehienek babesa eman diote Garamendiri hautagaitzara aurkezteko.

Presidentetzarako bozketa abenduaren 17an egingo dute.

Juan Rosellen kudeaketarekin haserre

CEOEko egungo presidentearekin, Juan Rosellekin lehiatu beharko da Garamendi hautagaitzara aurkezten bada, nahiz eta Rosellek oraindik ez duen adierazi berriro aurkeztuko denik.

El Mundok argitaratu duenez, patronaleko kideak ez daude gustura Rosellen gardentasun ezarekin eta informazio faltarekin, eta patronaleko presidenteordea, Arturo Fernandez, Caja Madrideko B txartelen aferan inplikatua egoteak ez du lagundu konfiantza berreskuratzen.