argia.eus
INPRIMATU
Antonio Casado da Rochak etikatik alderatu ditu hondakin ereduak
  • Antonio Casado da Rocha (1970) filosofo eta ikerlariak Dilemata gunean plazaratu dituen hiru artikulutan landu du hondakinen kudeaketarako eredu ezberdinen eta etikaren arteko harremana.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2013ko apirilaren 23a
Antonio Casado da Rocha (Argazkia: Uberan.org)

Euskaraz publikatutako Esku Ezkerraz poema liburuaz gain, gaztelaniaz etikaz eta desobedientziaz dauzka gutxienez beste hiru. Donostiako ospitalean batzorde etikoko kide izana da, eta gaur egun Euskal Herriko Unibertsitatean ari da Biologiaren Filosofia arloko ikerlanetan. Etica y gestión de residuos lana plazaratu du hiru ataletan.

Apirilaren 23ko datarekin Dilematan jarri duen artikuluari “Etica y gestión de recursos (3): espacio y tiempo” ipini dio izenburu, azken esaldi honekin bukatzeko: “Pero adelanto las conclusiones: creo que el PaP nos hace mejores, en el sentido de que nos hace ciudadanos que reciclan más y consumen de manera más consciente.” Hemen eskainiko dugu euskaraturik artikuluaren zatirik handiena.

“Etika eta baliabideen kudeaketa (3): espazioa eta denbora”

“El Diario Vascok atzo ezagutarazi zuen Beraun auzoko (Errenteria, Gipuzkoa) bizilagunek zera erabaki zutela ohiko batzar baten “gai ordenatik kanpo”: uko egitea Atez Ateko Bilketari (AAB) eta auzokonpostatzeari, aldi berean sustatuz inguruan daukaten San Markoseko zabortegia ixtea. Hondakinak bereizi behar ez baldin badira eta lurperatu ere ez, zer egingo da haiekin? Bost edo gutxiago edukiontzi (5E, 4E…) kolektiboen ohiko sistemak ezin du aski birziklatu errauste planta saihesteko adina, baina Beraungo auzotarrek ez dute eman iritzirik hura kokatzeko lekuaz. Ez dut uste hurbil nahiko dutenik, dozenaka urtez soportatu ondoren zabortegi batek dakartzan kirats eta arriskuak. Beharbada gehiengoak nahiko du, besterik gabe, agintariek arazoa kendu diezaien begien aurretik, beste gaietan bezala. Baina gauza batzuk ez dira desagertuko guk gehiago haietan pentsatzen ez dugulako.

Hogeita hamar urtez bizi izan naiz Errenterian eta hamar baino gehiagoz Hernanin, Gipuzkoan AAB ezartzen aitzindarietakoa izan den herrian, eta beraz ondo ezagutzen ditut aipatu hondakinen bilketa sistema biak (AAB vs. 4E), dauzkaten ondorioak bezala. Horien ezaugarri nagusiak laburbilduko ditut, erabiltzailearen aldetik (informazio gehiago hemen).

Edukiontzi kolektiboen sistema (4E)

-Erabiltzaileek bereizten dituzte (edo ez) hondakinak eta kalean dauden edukiontzi publikoetan lagatzen.

- Edukiontziak aldika husten dira baina ez dago modurik oker erabiltzea eragozteko.

- Erabiltzaile bakoitzak lagatzen du nahi duena nahi duenean.

- Birziklatze tasa gaur egun (Gipuzkoan): 35%

Edukiontzi pertsonalizatuen sistema (AAB)

- Erabiltzaileek bereizten dituzte hondakinak eta uzten dituzte etxe atarietan ipinitako edukiontzietan.

- Gauero biltzen dira era pertsonalizatuan eta soilik biltzen da ondo sailkaturik dagoena.

- Astean hirutan biltzen da hondakin organikoa, bi gautan ontziak, behin papera eta beste behin errefusa.

- Birziklatze tasa gaur egun (Gipuzkoan): 86%

Ez naiz sartuko kopuruetan gaiaren mami etikora jo nahi dudalako, horixe baita sarrerotan landu nahi dudana. Gainera, ez daukat motiborik birziklatze portzentaiak zalantzan jartzeko, nire esperientzia propioarekin bat datozelako: 4E sisteman gutxi gora behera nire hondakinen %30 birziklatzen nuen eta AABrekin %90era hurbiltzen naiz. Gaur nabarmendu nahi dudana da bi sistemak modu ezberdinean bizi dituztela erabiltzaileek. Erabiltzaileak modu ezberdinean hartzen du parte eta, ondorioz, modu ezberdinetan ulertzen ditu. (Esango dut, bide batez, erosotasunari dagokionez nik ez dudala ezberdintasun handirik nabaritu. Birziklatu nahi duena Atez Atekoak ez d behartzen dagoenekoz egiten ez duen ezer gehiagotara. Ez baldin bada berdina “zaborra jaistea” AAB sisteman eta 5Eetakoan, diferentzia neurri batean datza norberak hondakinak kudeatzeko hartzen dituen espazioa eta denboran sistema bakoitzak daukan eraginean. Edukiontzi kolektiboen sisteman batek badauka dena batera jaitsi eta hurrengo gaua arte kontua ahaztea; Atez Ateko Bilketak eskatzen dio erabiltzaileari pixka bat gehiago planifikatzea eta hondakinekin denbora gehixeagoz “konbibitu” behar duenez, hondakinak sortzeko garaian (erosterakoan batez ere) kontzienteago bihurtzen du.

Nire kolega Armando Menéndezek foro honetan esan bezala, sarritan ingurumenaren etika identifikatzen da makroetikarekin, banaketa administratibo eta politikoen gainetik pertsona multzo handiei eragiten dieten gai globalak aztertzen dituenarekin. Sarrera hartan Armandok oroitarazten zuen hiru mailak -mikro, meso eta makro- direla garrantzizkoak eta defenditzen zuen mikrotik aztertzeko beharra, ingurumen gaiak hurbiltzeko eguneroko erabakietara. [Hondakinak kudeatzeko] bi sistemok ere eragin ezberdinak dauzkate hiru maila edo gune horietan, baina hurrengo baterako utziko dut. Hurrengo atalean alderatuko ditugu bi sistemak aurreko sarrera batean azaldu nuen marko kontzeptuala erabiliz. Baina aurreratu ditzaket emaitzak: Atez Ateko Bilketak hobeak egiten gaitu, gehiago birziklatzen eta modu kontzienteagoan kontsumitzen duten herritar bihurtzen gaituelako.

Hondakinen kudeaketari buruzko artikulu gehiago Zero Zabor blogean.