Antonio Basagoiti ez da berriro lehendakarigai bezala aurkeztuko, PPko iturriek jakinarazi dutenez. EAEko PPko burua egoera korapilatsuan jarri dute Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeek. Hiru eserleku galduta, geroz eta gehiago dira haren politika kritikatzen dutenak. Gainerako alderdietako ordezkarien ahotik soilik ez. Madril aldetik ere kritika gogorrak jaso ditu abertzaleekin "bigunegi" jokatzeagatik. Jaime Mayor Orejaren iritziekin bat datorren PPko sektorearen eta haren inguruko "ideologo mediatikoen" jomugan dago Basagoiti, Mariano Rajoy Espainiako presidentearen babesa duen arren.
Juan Mari Gastaca El País egunkariko kazetariak hala azaldu du bere blogean: "[Basagoiti hondoratu nahi dutenek] uste dute Euskadiko PPko zuzendaritzak ez duela ausardiaz jokatu mundu abertzaleari oposizioa egitean. Egunero ETA existitzen dela eta berriro hilko duela esatea ahazten zaiolako kritikatzen dituzte. Baita Bildu ilegalizatzeko eskatzen ez dutelako ere, terroristen beso politikoa izaten jarraitzen duenean. Bost axola du hori guztia gezurra izatea edo frogatzeko zaila. Esan egin behar da".
PPk hauteskundeetan lortutako emaitzei dagokienez, Gastacak dio popularrek ez dutela EAEko norabide ekonomikoaren inguruko erabakiak hartzeko gaitasunik, eta horrela erraza dela azaltzea haien boto emaile batzuek EAJren bozka erabilgarriaren alde egitea. Basagoitik estrategia okerra eraman duela uste du kazetariak: "Etengabe mehatxu eginez, EAJ Artur Masen ezkutuko kopia batekin identifikatu nahi zuen Basagoitik, badakien arren bi errealitate desberdin direla. Eta ez du asmatu".