argia.eus
INPRIMATU
Antonia Manot hil da, frankismoak fusilatutako ‘Txiki’-ren ama
Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2024ko uztailaren 22a

Espainiako Badajoz probintzian jaioa, Zalamea de la Serena herrian. Bost anaia-arrebetan –bi mutil eta hiru neska– bera zen zaharrena. Bere zenbait senide eta gurasoak Zarautzera etorri ziren bizitzera, eta bera 1962an etorri zen eta zazpi seme-alaba izan zituen.

"Nik semea galdu nuen, berak esan zidan bezala, baina asko irabazi nituen Euskadin! Jonena gertatu eta gero, ni kalean batera edo bestera eta, parean, hiru-lau gazte, bikainak, batere ezagutzen ez nituenak: “Agur, ama! Agur!”. Zalameatik hona etortzea zerua izan zen niretzat, baita nire semearena gertatu baino lehen ere, jendeak ikaragarri lagundu zidan eta. Zerutik jaitsia bezala erori nintzen Zarautzen, denek laguntzen zidaten", adierazi zion duela hamar urte Miel A. Elustondori ARGIArako eginiko elkarrizketan.

Ama eta senideak, Txiki-ren hilobian. (Argazkia: Dani Blanco - ARGIA)

Bere seme Jon ETAn sartu zen. Honela kontatzen du bere anaia Mikel Paredesek Miel A. Elustondok eginiko beste elkarrizketa batean. "Injustizia zen orduko justizia. Jonek, bere kuadrillan bertan zenbait jende zer edo zertan zebilela ikusi zuen, eta berak ere bide hartatik jotzea erabaki zuen. Herrian zenbait talde osatu zituzten, eta talde haiek zein bere aldetik zebiltzan, loturarik gabe. Talde bat erortzen zenean, hiruzpalau harrapatzen zituzten, ez beste inor. Horrelaxe hasi zen Jon. Egun batean, ezkutatu egin zen, eta handik urtebetera harrapatu zuten. Guardia zibila Jonen bila etxera etorri zitzaigunean. “Non da zure semea?”, galdetu zioten gure amari. Eta ama harri-harri: “Kanpin egitera joan da”. Baita zera ere! 1974an, ETAk [Luis] Gómez Acebo [Pilar Borboikoaren senarra] bahitzeko asmoa hartu zuen gogoan, ordainetan Espainiako kartzeletako presoak aska zitzaten. Komandoak jo eta su zebiltzan. Hiruzpalau komando Bartzelonara joan ziren, zein bere aldetik orduan ere, eta halako batean hantxe harrapatu zuten Jon".

Bartzelonan atxilotu zuten banku baten lapurretan sortutako tiroketa batean guardia bat hiltzea egotzita, eta 1975eko irailaren 27an fusilatu zuten, ETAko Anjel Otaegi eta FRAPeko hiru kiderekin batera. Orduz geroztik, ezker abertzaleak Gudari Eguna ospatu izan du frankismoaren azken fusilatze horiek oroitzeko.

Jokin Urainen Agurra eta Ohorea liburuan honela kontatu zuen semearen hileta: “Hileta eguna izugarria izan zen. Etxeko txikiek koroa bana zeramatela abiatu ginen. Etxetik irten eta elizara gindoazen trenaren pasabidetik. Lehenago, berrogei edo berrogeita hamar polizia etorri eta gerarazi gintuzten. Jendea negarrez, koroa haiek, isiltasun hura… zapata takoien hotsa besterik ez zen aditzen. Entzuten ari naiz oraindik”.

Semea fusilatu ostean ere, eskuin muturraren jazarpena pairatu zuen familiak. Honakoak bere hitzak dira:  “Jon hil eta gero, iluntze batean, gizon batzuk sartu ziren hona, etxera. Hemen, nire umeak, fraide bat eta ni geunden. Galdezka eta joka eraso ziguten. Nik, burua odoletan, eskaileran behetik gora Mikeleri hoska, ‘Mikele, Mikele, umeak akabatu nahi dizkidate’. Eta hantxe Mikele goitik behera, auzoei hoska: ‘Irten denok etxetik, Antonia akabatu nahi dute!’. Gizon haiek zalaparta aditu zutenean, nire etxetik irten, autoan sartu –ingurua dena ilunpetan zegoen–, eta hanka egin zuten. Gu odoletan, umeak negarrez... Orduan ere, hantxe Mikele. Beti ondoan izan dut emakume hori”.

Sortuko idazkari nagusi Arkaitz Rodriguez izan da familiari doluminak ematen lehenbizikoetakoa –"zoaz lasai, Antonia! Hil bezperatan Jonek berak iragarri bezala, seme bat galdu zenuen, bai, baina milaka irabazi dituzu Euskal Herrian"– Haimar Altunarekin batera: "Antonia, beti tinko, beti duintasun osoz eraman dituzu gatazka gogorraren zauriak eta eredugarria izan zara guretzat. Maite Zaitugu".