argia.eus
INPRIMATU
Antolatzeko eta borrokatzeko forma berriak mahaigaineratzeko eragile berria sortuko dute ikasleek
  • "Kargatzen" izeneko prozesu eratzailea aurkeztu dute Donostian. Euskal Herrian egungo hezkuntza sistema zalantzan jarri eta sistema propio baten aldeko borrokan jarraitzeko, ezinbestekotzat jo dute ikasle subjektu berri bat sortzea.

Topatu.eus @topatu_eus 2020ko urtarrilaren 20a
Argazkia: Topatu.eus.

Gaur goizean (urtarrilak 18) Donostiako Bulebarreko kioskoan bildu dira “Gora ikasleon borroka!” lelopean azken hilabeteetan  zehar antolatzen eta lanean ibili diren hainbat ikasle. Euskal Herriko hainbat txokotatik etorri dira: Amurriotik, Bilbotik, Iruñeatik, Oiartzunetik, Hendaiatik...  Urriaren 12an aurkeztu zuten Gasteizen azaroaren 28an euskal hezkuntza sistema propio baten aldeko ikasle grebaren deialdia eta gaurkoan pauso berri bat iragarri nahi izan dute: “Antolatzeko eta borrokatzeko modu berri bat ekarriko duen eragile bat sortzera goaz”. 

Azaldu duten moduan, ikasturte hasieran hasi ziren lanean. Euskal Herriko hamaika ikastetxetako ikasleak biltzen hasi ziren: “Gaur egungo hezkuntza sistema zalantzan jarri eta berri baten aldeko bidea batera eraikitzeko batu gara, 150 ikasletik gorako asanbladak egitera helduz”. Tokiko errealitateetatik eraginez, ikasle borroka maila nazionalean hauspotzeko erronka jarri diete euren buruei. 

Izan ere, hutsune batetik abiatzen direla adierazi dute ikasleek. Ikasle mugimenduari “pilak kargatzeko” beharra identifikatu dute; eta horretarako tresna berriak sortzeko unea dela ondorioztatu. 

"Kargatzen"

Azken hilabeteetan elkarrekin borrokatu, ideiak eta helburuak partekatu eta etorkizuneko proiektuak pentsatzen jardun dutela adierazi dute ikasleek. Prozesu horretan zehar parte hartzeak eta horizontaltasunak izandako presentzia azpimarratu dute. Oraingoan baina, Euskal Herrian “hezkuntza sistema propio eta askaltzaile” bat lortzeko borroken artikulazioa eta eraginkortzea beharrezkotzat jo dute. Horretarako ezinbestekotzat jo dute eragile bat sortzea eta ondorioz, “antolakuntza forma berri horri hasiera emango dion fase berri bat irekitzea” erabaki dute. 

"Kargatzen" izeneko prozesua sortu dute horretarako. Prozesu berria ikastetxez ikastetxe zabalduko dute; ahalik eta modu zabal eta horizontalenean eman dadin. Liburuxka bat izango da horretarako tresna; eztabaidak proposatu eta ikasle subjektu berriaren oinarriak zehazten lagunduko duena. “Ahalik eta ikasle gehienen ekarpenak jasoz, gure hezkuntza ereduaren alde borrokatuko den ikasle eragile berria eratuko dugu”. Hiru atal nagusi izango ditu liburuxkak: ikasle mugimenduaren bilakaera eta egoera politikoaren hausnarketa; ikasle estrategia berriaren nondik-norakoen definitzea eta, azkenik, subjektu berriaren oinarri ideologikoak eta antolakuntza eredua.