argia.eus
INPRIMATU
Antolatuta ekiteko lehen urratsak eman dituzte Hego Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek
  • Koordinaziotik antolakuntzara jauzi egitea. Helburu horrekin bildu dira urriaren 29an eta 30ean Hego Euskal Herriko zenbait etxebizitza sindikatu, horietan militatzen duten 100 pertsona inguru bilduz. Goñiko Dorrekoa Euskal Udalekuak hautatu dituzte etxebizitzaren aldeko borrokan mugarria jarri eta Hego Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen I. Topaketak gauzatzeko, eta pozik daude emaitzarekin: elkar ezagutzeko ez ezik, esperientziak eta irakaspenak trukatzeko, formatzeko eta batera lan egiten hasteko oinarri eta ortzi-muga amankomunak xedatzen hasteko ere balio izan die asteburuko elkarbizitzak.

Amaia Lekunberri Ansola 2022ko azaroaren 02a
Argazkiak: Ekinklik

Orain bi urte inguru, COVID-19ak eragindako testuinguruan, jazo zen etxebizitza sindikatuen eztanda Euskal Herrian. Ordurako lanean hasia zen Gasteizko Etxebizitza Sindikatua alde batera, egun existitzen diren gainontzeko talde gehienek pandemia betean egin zuten agerpena, momentuko koiunturak etxebizitzaren problematikaren larriagotzea zekarrela oharturik eta arazoaren aurrean antolatzeko beharrari erantzunez. Abiatutako bidean etena egin, ibilitako tarteari erreparatu eta etorkizun hurbilari buruz modu kolektiboan hausnartzeko, Bizkaiko Etxebizitza Sindikatuen I. Topaketak egin zituzten duela urtebete Basoan (Artea). Urtebeteko epean salto kualitatibo zein kuantitatiboa eman du mugimenduak, topaketen planteamendua lurralde mailakoa izatetik Hego Euskal Herri mailakoak izatera pasa baita.

Bat egiteari estrategiko iritzirik eta saretzearen beharrak bultzatuta, lehenbizikoz bildu dira Gasteizko Auzoan Bizi, Iruñeko Haritu, Donostiako Saretxe, Hego Uribeko Batu, Bilboko AZET eta Galdakaoko Elkarlaguntza Sarea. Hein handi batean, batera lan egiten hasteko heldulekua izan dira Hego Euskal Herriko I. Etxebizitza Sindikatuen Topaketak. Horien antolakuntza izan da elkarrekin biltzen hasteko aitzakia, eta topaketak iragan diren honetan, asmoa da azken hilabeteetan hartutako martxari segida ematea. Egunotan hausnartu eta eztabaidatutakoei esker, badute horretarako bide-orria. Orain artean bezala, tokian tokiko errealitateari erantzunez bakoitzak bere herrian edo auzoan espezifikoki lan egiten jarraitzea da helburua, baina beste sindikatuekin batera antolatuta eta indarrak korrelatuta. Xede horrekin, oinarri teoriko-politiko eta lan esparru amankomunak finkatzen hasi dira Goñiko egonaldian. Ez dute nolanahiko erronka hartu beren gain, baina umiltasunez mintzo dira; antolatzaileen arabera, topaketak emankorra izatea nahi luketen bidearen hasiera besterik ez dira.

Egitaraua urriaren 29 eta 30erako prestatu arren, bezperan gerturatu ziren Goñira hainbat kide. Elkar aurkeztu, biharamunean dena prest izateko azken ukituez arduratu eta afaria prestatu bitartean, ohartzeke, emana zioten aterpeari bizitasuna eta berotasuna. Gaua bertan igaro zutenak arduratu ziren larunbatean zetozen kideen harrera prestatzeaz; hainbat hizkuntzatan ongi etorria ematen zuten pankartekin eta hamaiketakoarekin hartu zituzten. Aurretik zeukaten lana dezentekoa izanik, larregi luzatu barik, iritsi berriak kokatzeko eta jendeak elkar agurtzeko denbora-tarte bat hartu ostean, ekin zioten egitarauari.

Aurkezpenei eta elkar ezagutzari eskaini zioten larunbat goiza. 11:00etan mahai bueltan eseri ziren sindikatu bakoitzeko bizpahiru kide, beren burua gainerakoei aurkezteko. Labur-labur mintzatu ziren sindikatu bakoitzaren lan egiteko moduaz, orain arteko jardunean aurkitutako oztopoez eta etsaiez, eta beste. Bizipen pertsonalei ere eskaini zieten espazioa hitzartzeetan, hizlarien artean baitzeuden etxebizitza arazoren bat duten kideak ere. Beren ahotik azaldu zuten zer izan den beraientzat etxebizitza sindikatu baten baitan antolatzea: jasotako babesa eta elkar eusten duen komunitatea aurkitu izanaren garrantzia azpimarratu zituen batek; herri txiki batean etxegabetua izateko arriskuan dagoenak arazoa sozializatzeko izan dezakeen erreparoaz mintzatu zen beste bat; eskerturik agertu ziren beste batzuk, sindikatuari esker behar materialak hobetu izanaz, kalean bizitzen egotetik etxebizitza batean bizitzera igarotzeraino; eta sindikatuak esperantza iturri eta borrokarako erregai gisa ere aurkeztu zituzten. Behin kolektiboen aurkezpenak eginda, elkar-ezagutza maila pertsonalera eramateko dinamikan murgildu ziren; ondokoei bakoitza nor zen, zein kolektibotako kidea zen, nondik zetorren… azaltzeko unea zen. Lehen gerturatzeak eginda, bazkalordurako komunitate politikoaren lehen oinarriak ezartzen hasiak ziren.

Arratsaldea formakuntzari eskaini zioten oso-osorik. Plenarioan bildu ziren lehenbizi, beren arteko antolakuntza zirriborratzen hasteko; etxebizitzaren aldeko borrokak dituen mugez eta horiek gainditzeko aukerez eta erronkez aritu ziren hausnarketan, eta elkarren arteko antolakuntzarako hiru ildo zehaztu zituzten: errepresioaren aurkakoa, formakuntza eta komunikazioa. Formakuntza teorikoa burututa, alderdi praktikoagoetan trebatzeari eman zitzaizkion ostean. Negoziazioa, erresistentzia eta ekintza zuzena, ahozko komunikazioa, prentsa eta sare sozialak… Hainbat alorretan sakondu zuten, ezagutza, baliabide eta gaitasunetan sakondu asmoz. Egunean zehar egindako ahaleginen ondorioz nekea gailenduta, gaua egin ahala esparru formalak informalengatik ordezkatu zituzten: goxo afaldu, sukaldea jaso, eta bingo musikatuari egin zioten tokia. Egunaren akaburako, pentsatzeko eta eztabaidatzeko erabilitako espazioa dantzaleku bilakatua zen. Dantzatu ezin bada ez da nire iraultza; hitzez inork halakorik adierazi ez arren, gorputzak hala mintzo ziren.

Ordu aldaketaren ondorioz lotarako irabazitako ordubetea eskertu zuen batek baino gehiagok. Izan ere, igande goizak eskatzen zuen indarrak berreskuratuta esnatzea: bazkalordura arteko tartea formakuntza teorikoari eskaintzea zegoen aurreikusia. Klase borrokaren inguruan jardun zuten lehen zatian, eta etxebizitzaren aldeko mugimenduaren gainean bigarrenean. Aurrera begira elkarrekin egin beharreko bideari zoru teoriko amankomuna jartzen hasteko baliatu zuten unea, eta besteak beste, etxebizitzaren aldeko borroka klase ikuspegitik, feminismotik eta anti-arrazakeriatik aurrera eramateko asmoan berretsi ziren bertan bildutakoak. Ordurarte hitz egindakoarekin sindikatu bakoitzak bere militanteekin eztabaidatu beharreko hainbat kontu identifikatuta, eta lanari berrekiteko nahikoa erronka eta helburu finkatuta, itxiera eman zitzaion topaketen alderdi formalari. Elkar agurtzen hasteko unea zen, eta despedida giroan luzatu zuten topaketen bigarren deialdi bat egin artean elkarrekin egingo zuten azken bazkalondoa, Silvio eta Rodriguezen musikak giroturik.

Azken akordeekin batera, iritsia zen etxera bidea hartzeko unea; espazioa garbitu, lo-zakuak bildu eta motxila biltzekoa. Hortzetako eskuila, toalla, koaderno eta izerditutako galtzerdi artean, azken bi egunetan bildutako irakaspenak, bizipenak eta hausnarketak zeramatzan jendeak etxera bueltan. Horrela esanda, balirudike Goñira eramandakoa baino zama handiagoarekin egin zutela itzulera. Baina bada zamatu ordez bidea arintzen duen edukirik, eta neke aurpegietan marrazten ziren irribarreen bidez ondorioztatu zitekeenez, gisa horretakoa zen bizkarrean zeramaten karga. Ikusi beharko da, baina baliteke topaketok Euskal Herriko etxebizitza sindikatuen akuilu izatea.