Azken bi urteetan egindakoaren kontrara, martxoaren 8 honetan ez du grebarik deitu Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Greba ordez, mobilizazioak deitu dituzte, antolaketara eta borrokara dei eginez.
Asteartean egin du agerraldia Euskal Herriko Mugimendu Feministak, Iruñeko Gaztelu enparantzan. Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna gainean den honetan, egun horretarako planteamenduaren berri eman dute. Azken bi urteetan egindako grebak arrakastatsuak izan arren, aurten borroka moldez aldatzea erabaki du mugimenduak; “Antolatu indarrak, batu borroka feministara!” lelopean mobilizazioak deitu ditu, indarrean den jendarte ereduaren aurka kaleak bete asmoz.
2018 eta 2019 urteetan burututako grebetan nola, beste behin indar erakustaldia egiteko asmoa duela eman du ulertzera mugimendu feministak: “Aurten berriro ere kaleak beteko ditugu, eta ozen eta argi esango dugu: jendarte eredu hau bizigaitza dela pertsona gehienontzat, batez ere emakume eta genero disidenteontzat, eta jasanezina planetarentzat”.
Gogoeta egin dute aurreko urteez, eta grebaren kontzeptua birdefinitu eta ireki dutela adierazi dute, gehienbat emakumeek egin ohi dituzten doako lanak greban barne biltzea lortuz. “Guztion artean gogoeta egiteko ere balio izan digute, baita indarrak metatu eta estrategia berriak pentsatzeko ere”, egin dute balorazioa.
Hala ere, greba helburutzat ordez borrokarako tresnatzat dutenez, aurten kaleak bestelako moldez hartzearen alde agertu dira. Erabaki horren aurrean, zenbaitek mugimendu feministaren baitan “ezintasun edo su-eten bat” dagoela ulertzera eman nahi izan dutela salatu dute, ideia hori ezeztatzearekin batera. Greba, beren hitzetan, “beste eredu sozial eta produktibo bat salatzeko eta aldarrikatzeko tresna” da, eta greba egin ala ez, beraiek ahalegin eraldatzaile horretan jarraitzen dute.
Martxoaren 8 honetan antolakuntza beharra azpimarratu nahi dute, feminismo indibidualistaren aurrean talde, kolektibo eta asanblada feministak indartzea bilatuz. “Neoliberalismoak hain eragin handia duen mundu honetan, indibidualismo basati eta atomizatua sustatzen duen mundu honetan, komunitate feminista konprometitua eraiki behar dugu, sare sozialek eragiten duten pasibotasuna gaindituz”, adierazi dute.
Bestetik, “berdintasun formalaren” aurka posizionatzea ere bilatzen dute: “Guk ez dugu berdintasun formalik nahi, ezta mugarik gabe kontsumitzeko edo pertsonak eta lurraldeak esplotatzeko berdintasunik ere, ez dugu munduko beste leku batzuetan eta gure inguruan emakume askoren esplotazioa sakontzen duten errezeta neoliberalik nahi”. Ildo horretan, ahizpatasun internazionalista aldarrikatu eta zera adierazi dute: “Tokian-toki jarduten dugu planeta osoko gure ahizpa feministekin konektatuta egoteak ematen digun ikuspegi globalarekin”.
Azkenik, aipatu aspektu guztiak barne biltzen dituen feminismoa aldarrikatu dute, erradikala ezinbestez. Feminismo bat kontra egingo diena, besteak beste, nazioarteko emakumeen eskubideen galerari, hondamendi ekologikoei, gerrei, lurren desjabetzei, herrien suntsiketei, erabakitzeko eskubidearen ukazioei, derrigorrezko desplazamenduei, heriotza politikei, gorputzen merkantilizazioari, heteroarauari, arrazismoari, xenofobiari, eskuin muturrari eta faxismoari. “Gure feminismoak hainbeste ahaleginekin lortutako eskubide sozial zein politikoetan emandako atzerapausoari egin behar dio aurre. Baina, gaur ozen eta garbi diogu, aurrean gaituzue!”, egin dute aldarri.
Euskal Herriko hiriburu guztietan, eta auzo zein herri ezberdinetan deitu dituzte mobilizazioak martxoaren 8an. Hemen deialdien zerrenda:
Nafarroa eta Iruñea
Goizez mobilizazio deszentralizatuak egingo dira herri eta auzoetan, 12:00etan. Iruñean, alde zaharretik abiatuko da mobilizazioa, eta Gaztelu enparantza izango da bilgune.
Arratsaldez mobilizazio zentralizatuak egingo dira eskualdeetan, 18:00etan
Gipuzkoa eta Donostia
Goizez mobilizazio deszentralizatuak egingo dira herri eta auzoetan, 12:00etan.
Arratsaldez mobilizazio zentralizatuak egingo dira, 18:00etan.
Baiona
11:00etan Pausa aurretik (18 Lesseps kaia) abiatuko da mobilizazioa.
Bilbo
Jesusen Bihotzetik abiatuko da mobilizazioa, 13.00etan.
Gasteiz
Arratsaldeko 17:30ean San Anton Plazatik abiatuko da mobilizazioa.