Euskal Herri osoko hiri eta herrietan egin dira mobilizazioak LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Egunean. Bilbon azken asteetan ezagutu diren hilketak izan dituzte bereziki gogoan.
Bilboko mobilizazioak garrantzi berezia hartu du aurten, azken asteetan ezagutu diren gixon homosexualen hilketak direla eta. “Gogoan dugu ‘marikoi’ garrasipean gazte bati Bilbon egindako talde-erasoa, ahoa txikitu ziotenari, Moma aretoan berriki izandako eraso lesbofoboa, Zornotzan gazte bati duela egun batzuk egindako talde-erasoa, Getxoko erasoa, eta noski gogoratzen ditugu azken hilabeteetan Bilbon hil dituzten 8 marikak”, zerrendatu dituzte erasoak Bizkaiko E28 koordinadorak antolatutako manifestazioan, Arriaga plazan.
Bortizkeria olatua
“Indarkeria-bolada bat bizitzen ari gara, eta nahiz eta komunikabideek zilegitasuna eta garrantzia kentzen saiatu edo gertakari horiekin morboa elikatzen saiatu, gure bizitzak garrantzitsuak dira”, aldarrikatu dute Bilbon, Poliziaren edo epaitegien aurrean “bigarren mailako” herritarrak izaten jarraitzen dutela salatzearekin batera. Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Aldundiaren aurka ere egin dute, turismo eta kontsumismo “zis, gay eta zuria” bultzatzeagatik.
Horren guztiaren aurrean, saretzea eta borroka aldarrikatu ditu koordinadorak: “Beti egongo gara autodefentsaren eta antolaketaren alde! Sua zisheteropatriarkatuari! Udalaren arrazakeria eta aporofobiari sua! Erasorik ez erantzunik gabe! Ez dira pasako!”
Erasoei erantzuna
Iruñeakoa izan da M-17ko mobilizazioa jendetsuenetako bat. Antolatzaileek gogoratu dute homosexualitatea 1990ean utzi ziola ofizialki buruko gaixotasuna izateari OMEren arabera, baina ordutik gauzak ez direla nahi beste aldatu LGTBIQ+ kolektiboarentzat: “32 urte geroago, haien heteroaraua urratu genuenok gorroto-krimenak, politika LGTBIQ+fobikoak, lege diskriminatzaileak, LGTBIQ+ adingabeengan suizidioak eragiten dituen jazarpena eskoletan, lan-diskriminazioa, desberdintasuna eta eskubideen urraketa jasaten jarraitzen dugu. Gaur egun, gutako askok, gure familietan, gizarte-zirkuluetan edo lanean, gure identitatea, sexu-orientazioa eta genero-adierazpena isilarazi behar izaten ditugu”. Isiltasuna “apurtzera” eta erasoei erantzuna ematera animatu dituzte herritarrak.