Badira erdigune diren ertzak. Hiriburuetatik urruti, herri txikietako taberna, gune autogestionatu eta kale bazterretan egosten diren eszenak; underground-aren nukleo direnak, edo bilakatzen doazenak. Tarteka, Euskal Herriaren luze-zabaleko taldeen eta inguruetako zaleen elkargune bihurtzen direnak. Eta probatzeko, jolasteko, proiektu berriak plazaratzeko, entsegu eta kontzertu arteko mugak lausotzeko espazio bihurtzen dira, batzuetan, bazterrok. Ertz izanagatik, apenas dute hertsitik.
Bizkaiaren baitako ertzetan –friendly reminder: Bizkaia ez da Bilbo– baditugu erdigune batzuk, Trabakuaren alde banatara, esaterako; Zaldibarko Sorgin tabernaren ingurumariak dira horren adibide.
Katu hirukote durangarrarekin batera, Borla musika taldeak hiru egun lehenago Kordoba Bidea, estreinako LPa, kaleratu izana ospatzeko proposamena eginda, bertaratu dira lagun, ezagun eta zaleak Sorginera.
Besteak beste, Tatxers eta Blessure taldeetako kideak izaki, ezin esan hasiberriak direnik. Hala ere, eta egungo abiadurak abiadura, proiektu berria dela esan daiteke: 2023ko irailean eman zuten lehen kontzertua, eta urtarrilean sareratu kontzertu horren aurretik lokalean grabatutako demoa.
Lagunartean, kontzertu-entsegua egingo dutela esanda eman diote hasiera. Zazpi abestikoa da LPa, eta horiek joz egin dute zuzenekoa; ez gehiago, ez gutxiago. Soinuan igartzen ez den arren, musikarien aurpegian bai, nabari da abestiei neurria hartzen dabiltzala.
Lehenengo abestitik ostiral eguzkitsuaren sintonian sartu zait musika, melodia argitsu eta kutsakorrekin barrenak alegrantziaz bibrarazita. Abestien letrak, ordea, bata bestearen atzetik, garaiaren erretratu intimo eta gordinak dira. Poparen, punkaren eta rockaren nahasketatik sortzen diren antitesiak, publikoak jada bere egin dituenak. Bailongo hitzaren euskarazko adiera gustukoa bilatu artean, Oki Moki taldearen Langile Klasearen Popak balioko lidake deskribatzeko: mezu zuzenak baina ederrak aldi berean, edo gordintasuna alegrantzian bildurik.
Ordu erdi eskasean bukatu dute. “Ez daukagu gehiago”. Irribarrea atera zait ondokoak berriro hasieratik errepikatzeko esan duenean. Abisatuta geunden arren, motz egin zaigu.
Mila gauza egiteko, eta diamante, perla edo urre gorririk ez dugunontzat, alegrantzia baino, ez baita hoberik. Ostiral eguzkitsuetan, lata pare bat edo bi / itzal bat –pop punki bailongoa– eta aski.