argia.eus
INPRIMATU
Antikapitalistak Podemosetik kanpo ikusten ditu Pablo Iglesiasek
  • Podemosen barruan sakoneko desadostasunak daude alderdia gidatzen duen Pablo Iglesiasen ildoaren eta Antikapitalistak antolakunde trotskistaren artean. Azken hauek ez dute argi martxo honetan Podemosen hirugarren batzar herritarrean parte hartuko duten eta Iglesiasek haustura gertu ikusten du. 

ARGIA @argia 2020ko otsailaren 12a
Teresa Rodriguez eta Pablo Iglesias Podemosen ekitaldi batean.

Pablo Iglesiasek ziurtzat jo zuen astearte honetan Antikapitalisten korronteak alderdia utziko duela. Beraren ustez "erabakirik logikoena" litzateke eta "anaitasunetik eta errespetutik" jorratu daiteke. "Banandu behar denean, oihurik eta rollo txarrik gabe egin behar da, munduko heldutasun handienarekin", adierazi du Unidas Podemoseko buruak, Antikapitalistek Podemosen hirugarren batzar herritarrean parte hartzeko zalantzak agertu ostean.

Iglesiasek jakinarazi zuenez, joan den astean bilera izan zuen korronte horri atxikitako Miguel Urban eurodiputatuarekin eta Manuel Marirekin, joan den ostegunean, Espainiako Gobernuko Presidenteordetzaren egoitzan. "Irizpide politikoan alde handia dago antikapitalisten eta Podemosen artean", onartu zuen Iglesiasek, alderdi morea Gobernuan sartzeari buruzko ikuspegi ezberdinei erreferentzia eginez.

Testuinguru horretan, Pablo Perez Ganfornina Andaluziako Podemoseko Politika eta Komunikazio idazkariak zehaztu du ez dagoela "inolako aukerarik" Andaluziako Podemos Espainiako Estatu mailako alderditik bereizteko, eta erabaki horrek ez duela zerikusirik datorren igandean Antikapitalistek erabaki dezaketenarekin. Teresa Rodriguez da ordea une honetan Podemosen aurpegi ezagunena Andaluzian, eta Antikapitalistetako kidea da.