argia.eus
INPRIMATU
Antikapitalista
  • Jesús Fernández Naves (Oviedo/Uviéu 1934, Gasteiz 2021) 1976ko Arabako grebaren ordezkari ezagunenetako bat, antiliderra, antimilitarista eta antikapitalista, duela egun gutxi hil da Gasteizen; baina arrastoa utzi du bizi izan den tokietan eta euskal langileriarengan.

Juan Mari Arregi 2021eko urtarrilaren 22a
Martxoaren 3an sarraskituriko langileen hiletan hitz egiten: \"Hildako hauek, Gasteizko herri osoarenak dira!\" aldarrikatu zuen (arg.: Hala Bedi)

Jende askok uste du ekonomia zenbakiak, estatistikak, multinazionalak, enpresak, enpresariak eta bankariak baino ez direla. Aitzitik, gertatzen da ekonomiaren oinarria gizakia dela, gizartea, herriak, bertako langileak. Eta zutabe honetan azken ikuspegi horretatik aztertzen saiatzen gara.

Horregatik gogoratu nahi dugu hemen lagun bat: Jesús Fernández Naves. Ekonomia horren alde borrokatzeko moduaren eredu izan zen, pertsonen, gizartearen, herrien eta bertako langileen zerbitzura. Jesús duela gutxi hil da Gasteizen, 86 urte zituela, alzheimerrarekin urte gogorrak izan ostean. 1976ko martxoaren 3an Fraga eta Martín Villaren agindupean poliziak Gasteizen egindako sarraskiarekin amaitu zen grebaren ordezkari ezagunenetako bat izan zen. Bost grebalari hil eta zauritu ugari eragin zituen eraso hark.

Jesús antikapitalista zen guztiz. Eta horregatik, antiliderra, internazionalista eta antimilitarista ere izan zen. Kapitalismoak eragiten zituen arrakalez jabetuta, berdintasuna defendatu zuen, beti lidergo pertsonalen aurka, beti langileen batzarra borrokarako eta antolatzeko metodorik onena zela sinetsita.

Jakitun zen herriak, elkartuta daudenean eta solidarioak diren heinean askatzen direla, horregatik praktikatu zuen etengabe internazionalismoa. Erabat bakezalea, gerren etsaia, Gasteizkoak talde antimilitaristako sortzaile eta kide ere izan zen, bai baitzekien armak direla kapitalismoaren negozio handienetako bat.

Bere bizitza, eredu eta umiltasunarekin, Jesúsek arrastoa utzi du Argentinan, Chiapasen, Gasteizen eta beste herri askotan, eta batez ere euskal langileriarengan. Jesús, lagun eta lankide, agur eta ohore!