argia.eus
INPRIMATU
Analisia
Antikapitalismotik haratago
  • Batzuetan, munduan nagusi den sistema kapitalista aztertzerakoan, hausnarketa antikapitalista hutsean harrapatuta gera gaitezke. Ahaztu egiten zaigu kapitalismo horrek alternatibak dituela, eta batez ere, horiek praktikan jar daitezkeela.

Juan Mari Arregi 2021eko maiatzaren 13a
Koopdenontzat proiektuaren baitan, ekonomia femnistaren inguruko saioa (argazkia: TaPuntu kooperatiba)

Euskal Herrian alternatiba asko eta askotarikoak garatzen ari dira, nabarmendu eta txalotu beharrekoak, antikapitalismoaz orokorrean hitz egin beharrean. Antikapitalismoa aho txikiarekin aipatu ordez, praktika horiek bultzatu behar dira.

Mondragon Taldearen esperientzia kooperatiboa, arlo horretan aitzindaria izan zen joan den mendearen erdialdean. Bere alde onak eta txarrak izan baditu ere, bidezkoa da aitortzea haren hasierako asmo onak eta hainbat sektoretan kooperatibismoa garatu eta mantentzeko egindako lana.

Baina azken urteetan, esperientziak beste hainbat arlotan garatu dira: industrian, hezkuntzan, kulturan, artean, nekazaritzan, finantzetan, kazetaritzan... Adibide batzuk jarriko ditugu, nahiz eta askoz gehiago izan daitezkeen. Hor daude Nafarroako Errigoraren 25 ekoizleak, “lurra gurea dela eta ez merkatuarena” defendatzen dutenak. Finantzen arloan Koop57 aipa dezakegu, 186 pertsonari lan ematen dien 36 proiektu diruz lagundu dituena. Komunikazioaren eta kazetaritzaren alorretan ere, hemen, ARGIAn, Ametzagaiña taldea dugu, komunitate zabalak sostengaturik. Bestalde, Olatukoop ekonomia eraldatzailearen sarea hedatzen ari da; aipatu ditugun enpresa horietako batzuk kide dira, baita askoz gehiago ere.

Berdintasuna, elkartasuna, feminismoa, ekologia, burujabetza… balio horiek gure ekimen eta esperientzietara eramatea, geure bizitzan eta gizartean txertatzea,  antikapitalismo hutsetik haratago joatea da: kapitalismoaren ordezko mundu berri baten oinarriak ari gara jartzen.