argia.eus
INPRIMATU
Antiespezista eta espezista txikien arteko aliantza

Gorka Novales Uriarte 2021eko urriaren 28a

Begano eta abeltzain txikien arteko aliantza titulu deigarriko artikulua topatu nuen ARGIAren webgunean. Interpelatua sentitu nintzen, eta eskertzekoa den artikuluaren jarrera eraikitzaileak erantzutera animatu nau. Hor doa.

Kezkagarriak dira, egun, janari ekoizpenean jarduten diren kapitalista handiek garatzen ari diren estrategia komertzialak. Gizarte kritiko baten aldarriak baliatzen jakin dute ekoiztutako produktuak aldatu eta salmentak handitzeko. Azkarrak dira kapitalismo berdearen sustatzaileak.

Azken hamarkadetan eman den ekoizpen prozesuen deslokalizazioa eta ekoizpen baliabideen metaketa are kezkagarriagoa da. Langileok geroz eta zaurgarriago uzten gaituelako. Metaketa testuinguru horretan kokatzen dira beganoei saltzeko asmoz garatzen ari diren produktu prozesatuak.

Begano gehienon dieta Euskal Herriko edozein baserritan ekoiztu daitezkeen produktuetan oinarritzen da; barazkiak, haziak, zerealak, babak eta soja isurialde atlantikoan, dilistak eta txitxirioak mediterranear isurialdean... Burujabeak izan gaitezke, baina badira produktu espezifikoekiko menpekotasuna sorrarazi nahi digutenak. Onartezina da hori.

"Berdin dio abereak ondo tratatuak diren, maitatuak diren edo min gutxiena eraginez akabatuak diren. Ez dago modu egokirik hil nahi ez duen norbait hiltzeko"

Gizakiz besteko animalien interesak errespetatzea ez da gure hautu politiko bakarra, gehienok argi dugu zapalkuntza ugariko sistema hau ezereztu behar dugula ahalik eta azkarren. Horregatik egiten dugu, besteak beste, baserrien alde. Ez baserrien edozein elementuren alde noski, euskaldunon ondare den honek badituelako errebisatu beharreko gauza ugari.

Mentalitate paternalista batek, hiritatik eta gaztetasunetik hitz egiten dugula irudikatzen du. Asmo oneko ezjakinak garelakoan daude, landa munduko irudi okerra daukagulakoan. Harridura eragiten dit honek, nik neuk baserrian bizita egunero ikusten baitut gizakiak ez diren animaliak nola bizi diren. Elementu sinbolikoenetik krudelenera, sufrimendua da nagusi askok idealizatutako landa bizitza honetan. Animaliak gizakiengatik zapalduak dira.

Abeltzaintza industrialaren eta abeltzain txikien ekoizpenaren artean mundu bat dago. Lehenengoak menpeko bilakatzen gaitu, bigarrenak burujabe bilakatu gaitzake, baina beste batzuk burugabe uzten ditu. Berdin dio abereak ondo tratatuak diren, maitatuak diren edo min gutxiena eraginez akabatuak diren. Ez dago modu egokirik hil nahi ez duen norbait hiltzeko.

Bitartean, antiespezistok denbora oro entzun behar dugu oreka bat bilatu behar dela animalien interesak errespetatzearen eta kapitalismoari aurre egitearen artean. Gure aldarriak sakonki antikapitalistak izango ez balira bezala. Argudio antzuak botatzen dizkigute gurekin eztabaida dialektikoetan sartu ordez. Baina pazientzia amaigabea dugu.

Antiespezistok ezingo gara inoiz abeltzain txikien alde jarri, nekazariak bilakatzen direnera arte.