Ostiralean aldi berean Donostiatik eta Baionatik abiaturik, Bizi! eta Attac elkarteek antolatutako Alternatiba Itzulia Paue ondoko Leskarre herrira iritsi zen astelehenean eta asteazkenean, ekainak 10, Banhèras de Bigòrran edukiko du helmuga. 5.000 kilometroz goiti eginda, irailaren 26an sartuko da Parisen helburutzat bertan abenduan burutuko den COP21 klimaren gailuarraren aurrean gizartea ohartarazi eta mobilizatzea duen Tourra.
Hegoaldeko ospakizunetan Donostiako Alternatiben herrixkak erakarri zuen jende gehien Itzuliak ekainaren 5ean. Aurreko urteetan Baionan eta Zokoan ikusi bezala, Gipuzkoako hiriburuko karriketan gisa guztietako alternatiba adibideen postuak erakutsi ziren, bestelako hitzaldi eta eztabaidez gain. Baionan Tourra abiatzeko unea Stéphane Hessel ezagunaren ("Haserretu zaitezte") alargunak markatu zuen. Haren aurretik eta ostean beste hainbat mintzaldi, kanta eta ospakizun, antolatzaileen bideo honek laburbiltzen dituenak.
Kaleko irteera jendetsuaren aurretik, Baionako aurkezpen orokorrean protagonismoa eduki zuen Maxim Combes altermundialista ezagunak. "COP21az zer itxaron eta COP21a arte zer egin: erronkak eta perspektibak” azaldu zuen. Eskubide Sozialen Kartaren gunean laburbildu dute Combesek erakutsia: "Klima aldaketaren gaian funtsezkoa da estatuen konpromiso politikoa. Hala ere, kontuan hartu beharrekoa dela zaila izango dela estatuei eginbeharrak zehaztuko dizkien akordiorik lortzea. Gas isuriak berehala eta drastikoki mugatu beharra dagoela aipatu zuen. Copenhage 2009ren ondoren, 100.000 milioi euro agindu ziren aldaketa klimatikoari aurre egiteko. Egun, kopuru horren %10a ere ez da martxan jarri. Irailean, mundo mailako liderrei gai honetan ekiteko deia egingo dute hainbat ingurumen-eragilek. 1999an, Seattlen, Merkataritzaren Munduko Erakundea blokatzea lortu zen, altermundialismoaren sorrera eta indartzea eman zelarik. Combesen hitzetan 'Paris 2015 klimaren Seattle bat bihurtu beharko genuke'. Gizarte mugimenduak indartzearen garrantzia aipatu zuen, defentsibatik ofentsibara pasatuz. Aldaketa klimatikoaren aldeko borrokak sistema aldatzea suposatzen du. Sistema aldatzeko, aliantzak saretu behar dira sektore desberdinen artean".
Baiona eta Donostiako hitzorduez landa, bi gehiago iragarri ziren ekitaldian: urriaren 11an Alternatiba Garazi eta 24an Alternatiben Herria Bilbon. Bitartean, larunbatean Ezpeletatik pasatu ostean, Biarnoan barnatu da Tourra. Astelehenean Paue Leskarren egon zen (hemen dauka egoitza nagusietako bat Emaüs elkarteak, justizia klimatikoaren gaian oso inplikatua) eta asteazkenean Banhèras de Bigòrra eta ostegunean Saint Gaudens zeharkatuta, 13an helduko da Okzitaniako Tolosa hiribura.