argia.eus
INPRIMATU
Antena 3 telebistak Donostiari buruz egindako erreportaje “arrazista eta sinplista” salatu dute
  • Antena3 telebista kate espainiarreko Espejo Público saioak erreportaje sentsazionalista bat eman zuen asteazkenean, Donostiako ustezko segurtasun faltaren inguruan eta fokua gazte magrebtarretan jarriz. Erreportajea publikoki salatu du Kaleko Afari Solidarioak (KAS) taldeak, “arrazista eta sinplista” delako: “Saioak gizartearen isla izan nahi du, baina itzultzen digun irudi bakarra irudi desitxuratu bat da. Hau ez da geure burua erakusten digun ispilua, bertan beldurra, gezurra eta gorrotoa bakarrik proiektatzen baitira. Gure errealitatea askoz konplexuagoa da, gizatiarragoa, eta argi eta garbi ikusia izatea merezi du, ez aurreiritzien bidez”, azaldu dute. Gogoratu behar da KASeko boluntarioek 300 afari inguru banatzen dituztela hiriko hiru auzotan gauero-gauero, kale egoeran edo egoera zaurgarrian dauden pertsonen artean.

Irutxuloko Hitza @irutxulo Beñat Parra @parrabenat 2024ko irailaren 27a
'Espejo Público' saioa, Donostiari buruzko erreportajeaz hitz egiten ari ziren uneetako batean.

Honakoa da erreportajearen planteamendua, errotuluetan irakur daitekeenez: “Donostia, luxutik krimenera”; besteak beste, “Arzaken hiria, Albako dukesak uda pasatzen zuen hiria”, dio pieza egin duen gizonak, Donostia hori baino izango ez balitz bezala. Halaber, errotulu berean irakur daiteke Donostian “izugarri hazi” direla sexu erasoak, liskarrak eta lapurretak.

Hori babesteko, Espainiako Barne Ministerioaren 2024ko datuak erabili ditu Susana Grisoren saioak; datu horien arabera, 5.283 arau hauste erregistratu dira hirian aurten, eta horrek gorakada bat suposatzen du azken urteekin alderatuta. Aipatu behar da, halaber, nahiz eta erreportajean ez duten aipatzen, gorakada Gipuzkoa osoan eman dela eta Donostia ez dela kasu isolatua. Arau hauste horien erantzule gisa, aldiz, saioak gazte magrebtarrak aurkeztu ditu: “Batez ere, pertsona talde batengatik da [arau hausteen gorakada], gehienak marokoarrak, Afrikako iparraldekoak, han bizi direnak, ez lanbiderik ez bestelako ogibiderik gabe”, dio erreportajea egin duen pertsonak, frogarik erakutsi gabe eta gazte horien egoerari erreparatu gabe.

Eneko Goia alkateak Ser irrati katean egindako adierazpen batzuetara heltzen da Espejo Público, non esan zuen delituak modu errepikakorrean egiten ari den talde bat dagoela hirian, nahiz eta alkateak ez zuen zehaztu talde horren jatorria. Horrez gain, erreportajean, hainbat herritar eta merkatari elkarrizketatu dituzte Parte Zaharrean, segurtasun faltaren tesia babesten dutenak. Halaber, erreportajean ikusten da KASen Plaza Berriko afari banaketara joan zirela Espejo Público-koak, tentsioa sortzera eta KAS kriminalizatzera. Eta Parte Zaharreko kale batzuetan egunero ikusten den zaborra erakusten dute zonaren “dekadentziaren” erakusgarri gisa, nahiz eta Parte Zaharrean Bizik askotan salatu duen egoera horren erantzuleak, hain zuzen ere, ostalaritza establezimendu asko eta auzoko zaborraren udal kudeaketa direla. Hori guztia, tentsio musikarekin.

Duela gutxi ABC egunkari kontserbadore espainiarrak argitaratutako erreportajearen ildotik (San Sebastián, de paraíso urbano a nuevo Bronx del Cantábrico) doa Antena3 katearen erreportajea, eskuin eta ultraeskuin politiko zein mediatikoek erakutsi nahi duten segurtasunik gabeko hiriaren tesia defendatzeko ildotik. Hori izango balitz bezala Donostiako arazo nagusia eta ez, aldiz, hirian etxebizitza bat erosi edo alokatzeko ezintasuna, esaterako.

Hirien irudi katastrofista hori islatzea ez da Donostiako kasu isolatua, Euskal Herrian, Espainiako Estatuan zein Europa osoan gertatzen ari den zerbait da, gorroto diskurtsoak eta beldurra zabaltzeko. Eskuinak eta ultraeskuinak kapitalizatzen dute hori, azkenaldian inguruko hauteskunde gehienetan zein hedabide nagusien eguneroko diskurtsoan argi ikus daitekeenez. Txanponaren beste aldean, euren kabuz eta modu boluntarioan antolatzen ari diren herritarrak daude, problematika ukatzetik urrun, problematika bere neurrian azaltzen dutenak eta konponbide integralen alde lan egiten dutenak; Donostian, besteak beste, Martutenen, Herreran eta Egian norabide horretan ari dira lan egiten zenbait eragile eta norbanako.