argia.eus
INPRIMATU
Donostiako Firestone fabrika berreskuratu dute proiektu eraldatzaileak batzeko
  • 200 lagunek Donostiako Añorga auzoko Firestone lantegia berreskuratu dute, orotariko proiektu eraldatzaileen elkargune izan dadin. Asteburua eman dute han, eta Eraldia izena eman diote ekimenari. Igande arratsaldean, azken asanblada orokorrarekin erabakiko dute zein erabilera eman aurrerantzean espazioari.

ARGIA @argia 2015eko maiatzaren 01

Bertan dira Donostia eta inguruko ekimen eraldatzaileetako kideak: gaztetxeak, kooperatiba txikiak, herri-hedabideak, talde feministak... Hiru egunez, ekonomia sozial eraldatzailearen bueltan eztabaidatzea, ikastea, eta elkarlanerako oinarriak finkatzea da bertan bildutakoen asmoa. 

Asteburu guztia bertan igaroko dutela-eta, gaian interesa duen edonori etortzeko gonbita egin diote: “Autogestionatutako proiekturen baten parte bazara, zure lana elkarlanetik ulertzen baduzu, zure bizibidea zure kezkekin bat etor dadin nahi baduzu, edo besterik gabe, eguneroko lanarekin gure ingurua eralda dezakegula uste baduzu, ez egin dudarik: ongi etorria izango zara Eraldian.”

Egitataraua: ekonomia sozial eraldatzailea eta elkarlana

Hiru egunetarako egitaraua lotuta dago jada. Hasteko, Bartzelonako Can Batlló zentro sozial autogestionatuaren inguruko dokumentala eta Irungo Lakaxitako esperientziaren berri izateko hitzaldia izan dira ostiralean. Larunbatean, auzolanean goiza eman ostean, Donostialdeko proiektu eraldatzaileeak mapa erraldoi batean irudikatu dituzte, hemendik aurrera materiala konpartitu ahal izateko oinarri gisa. 

Igandekoari "Esperientzia truke eguna" izena eman diote. Goizerako proiektuen berri eman eta materiala salerosteko azoka antolatu dute. Arratsaldean aldiz, hitzaldien bidez ekonomia sozial eraldatzaileko zenbait ekimen nahi dituzte ezagutarazi. Eraldian izango dira, besteak beste: Fiare eta Koop57 finantza kooperatibetako ordezkariak eta OlatuKoop kooperatiba sareko kideak. Haiekin batera,  Argiako kolaboratzaile den Jakoba Errekondok Zeraingo esperientziaren berri emango du.

Hitzaldien ostean asanblada orokor batekin emango diote asteburuari amaiera. Orduan erabakiko dute eraikinari zein erabilera emango zaion, eta zein izango den aurrerantzean ere elkarlanean aritzeko bidea.

Prestatu duten webgunean egitaraua osorik kontsulta daiteke.

Twitter bidez jarraitzeko #eraldia traola ari dira erabiltzen.