argia.eus
INPRIMATU
Añorga Txikiko Firestone fabrika okupatuan ospatuko da aurtengo Hackmeetinga
  • 17. Hackmeetinga, hacktibisten urteroko topaketa, Añorga Txikiko Firestonen egingo da. Urriaren 29, 30 eta 31 bitartean izango da. Subiranotasun soziala eta teknologiaren inguruko gaiak jorratuko dituzte bertan.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2016ko urriaren 20a
2012ko Hackmeetinga Vallbona d'Anoia herrian. (Arg.: Dvdgmz CC by SA 3.0)

Topaketan energia, zifratzea edo kultura askea bezalako gaiak izango dituztela aurreratu dute. Edonork izango du bertara gerturatzeko aukera eta sarrera doakoa izango da. Modu guztiz horizontalean muntatu nahi dute eta antolakuntzak hitzaldi, mahai-inguru edo tailerrak proposatzeko deia egin die gaian interesaturik dauden guztiei.

2015eko maiatzaren lehenean Donostiako hainbat herri mugimenduk Firestone fabrika zaharra berreskuratu eta “Eraldia” burutu zuten, kapitalismoaren eredutik kanpo jorratzen diren proiektu desberdinen topaleku izateko.

Espazio fisiko baten eta sarearen okupazioen arteko lotura eraman nahi dute aurrera. “Gobernatzen gaituzten soziopatek hitzez eta ekintzez kondenatzen gaituztenean” eragiten duten geldikortasunari aurre egitea dute helburu.

Antolakuntzak dei egin die ziberespazioko kideei gobernu, sistema eta korporazio oro hackeatzen jarraitzeko. Hauen ustez, gizartearen barne sistema aldatu eta solidarioago izateko bidea da.